Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Orokorra - Atabala, erlezainaren tresna behinena

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Orokorra

Atabala, erlezainaren tresna behinena

2008-09-22

Euskaraz erleez izkribatutako lehen liburua Fray Joaquin de Santa Barbararen “Erle gobernatzaleen guidariya, edo erleac gobernatceco modua” izan da. 1927an Iruñean “Francisco Erasunen echean” inprimatu zen jatorrizko gaztelaniazko “Guía de colmeneros ó tratado práctico de Abejas”-ekin batera. 1993an Bizkaiko Foru Aldundiak faksimilean plazaratu zuen. Honen hitzaurrean Xabier Kintana euskaltzain eta erlezainak eskaini zituen egilearen eta liburuaren xehetasun asko.

Autorea fraide karmeldarra izaki, eta beraz izen berria apezgoarekin batera hartua, sortzez Joaquin de Lanciego y Ruiz de Esquide zen, 1952an Arabako Errioxako Gorrebuston (Barriobusto) sortua. 1804-1805 urteetan Bizkaiko Markinako komentuan bizi zen, gero frantsestearekin alde egin behar izan zuen, 1822an eta 1830eko agiriek Nafarroako Alesbeseko komentuan kokatzen dute, eta hortik aurrerako arrastorik ez zuen utzi.

Euskarara liburua nork itzuli zuen ere ez da jakina. Inprimatu ahal izateko baimen eske, liburuaren azken orrian agertzen denez, joan ziren Ignacio Balentin de Pagadizabal edo Juan Jose Olano izan behar zutela irizten zion erleez bera ere beste liburua idatzia zen Ixaka Lopez Mendizabal euskaltzaleak. Liburuaren bi bertsioak kaleratzea Juan Jose Olanok pagatu zuela jakinda, Xabier Kintanak ondorioztatzen du itzultzailea Pagadizabal behar duela izan.

Kintanak hitzaurrean dioenez, liburua gipuzkeraz dago idatzita baina auzoetako euskalkietako hitzak ere erabiltzen ditu, sarritan mordoilokerietan erortzen da eta oro har gaztelaniazko orijinala baino maila apalagoko prosan dago egina, gaztelerazko “propolis”, “piquera”, “polen” eta beste euskaraz nola itzuli ez zuen asmatu egileak. Baina sintaxi zuzenaren jabe zen, Larramendiren hiztegia ezagutzen zuela ezagun du. Edukiari epaitzerakoan, zera dio Kintanak: “Erleen biologiari dagokionez, Aita Joaquinek Europan garai hartan zebilen bibliografia ezagutu egiten zuen, frantsesezkoa batik bat”. Hala ere, “oro har, gaurko ikuspegitik behintzat, egilea kontzeptutan atzeratu xamar ageri da, baina inoiz bere ikerkuntzen ondoko ideia interesgarri batzu ere azaltzen ditu”.

Lerrootarako hautatu dugu liburuaren atal bitxi hau. Zeren eta irakurleari galdetuko balitzaio ea zein iruditzen zaion erlezain batek behar dituen erreminten artean garrantzitsuena, seguru ez lukeela esango Fran Joaquin de Santa Barbarak aipatzen duena. Ikusi zer dioen 63. orrialdean:

Bostgarren partea, erlezayaren oficioa, egercicio onetarako bear diran herramientac, erladien gañean, eta cer moduz atera bear diran eztiya eta arguizaguia.

(...) 2. Lenengoa da atabal aundi bat, pandero edo beste onetarako servitu dezaquean gauza bat; zergatic oetako edoceñec turmoyaren antz gueyago dú bere otsean, oraindaño erleac gueldiaracitceco asmatu diran beste guzac baño. Au joco dá indarrez, modu onetan lecuric ematen etzayola erleari gora igotceco. Guero canabelazco chiringa zulodun batequin botaco zayo bereala ura, idurin dezan laño bat balitz becela; edo bestela eguingo zayozca bi edo iru tiro polvora utsarequin, autsa botatcen dala uric ez danean: diligencia au ez da beñere utci bear eguin gabe; bada erleac berac eracusten digute au eguitea; cergatic oec eztiya eguiteco lore billa campora irteten diranean, edo erladiac beste lecu batera aldatzeco abiacen diranean, uste gabeco turmoizco tempestade bat sortcen bada, al duten eguiñ al gucian lasterca biurtcen dira beren echera; cergatic beren jatorrizco senarequiñ, eta esperienciarequin ezagutcen dute, turmoyaren ondoren euria, arria edo chingorra etortcen dala, eta emendic seguitcen dala aen eriotza; beragatic icaratcen dira, eta atabalaren otsa aditu, eta ura sentitcean, jachi eta laster guelditcen dira.


© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan