Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Eztia - Zer da eztia?

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Eztia

Zer da eztia?

2007-01-25

   (Julio César Díaz-en “Erlea Gure Sendagile” liburutik hartua).

   Eztia gehienik karbohidratoz (azukrez) dago osatuta, eta hauetako gehienak bitan banatuak daude. Hau da, aurre-digerituta daude, eta honek beren absortzioa izugarri errazten du. Azukre arrunta digeritu eta erabiltzeko lau ordu inguru behar izaten dira, tarte horretan gasak sortzen dira, alkohola sortzen duen hartzidura gertatzen, eta pankreak lan handia egin behar du. Aldiz eztiaren azukre sinpleak organismoaren eskueran daude irentsi eta 15 minuturen buruan.

   Eztiaren %75a azukreek osatzen dute funtsean, %20a hezetasunak, eta kopuru txikietan baditu proteinak, azidoak, koipeak eta errautsak (edo mineralak).

   Azukreen artean eztiak nagusiki lebulosa (edo fruktosa) eta dextrosa (edo glukosa) dauzka. Bai azukre kopuruak eta bai eztiak (erlauntzeko beste produktuek bezala) dituen gainerako elementuenak aldatzen dira leku bakoitzeko landarediaren, klimaren, erle motaren, erlauntzaren egoeraren, eta abarren arabera. Eztien kasuan, arau nagusia da kolore ilunena dutenak direla onenak, mineral kopuru handiagoa dutelako; kolore argiko eztien lau halako izatera irits daitezke ilunak. Kontsumitzaileak aldiz gehienbat ezti argiak nahiago ditu, seguruenik eztia erleen “urrea” delako iritzia zabalduta dagoelako eta jendeak “begietatik” jaten duelako. Ez dut uste elikagai mailako arrazismoa asmatuta dagoenik.

   Eztia berez gai garratz eta usain berezikoa da. Ez du %20a baino gehiagoko hezetasunik. Erraz digeritzen eta asimilatzen da. Normalean ahoratu egiten da, baina larruazal gainean ere erabil daiteke, leundu eta zikatrizatzeko dituen ahalmenengatik. Zainetatik sartu dela ere badakigu, baina horretan ez gara barnatuko.

   Eztiaren erabilerarik onenetakoa, oso gutxi ezagutzen dena eta oker ulertu izan dena, zera da: gastritis eta ultzera kasuetan zikatrizatzeko eta bihotzerrea eragozteko duena. Hau zergatik gertatzen den jakiteko, urdailak duen funtzionamendu egokia (eta desegokia ere bai) ezagutu behar dira.

   Urdailak digeritze prozesua burutzeko zuku oso azidoak eduki ohi ditu. Urdailak badu babesgarri bat ere (mukosa), azido horiek erasan ez diezaioten. Bai gastritisek eta bai edozein jatorritako ultzerek mukosa hori hondatzen dute eta urdailari bere burua digerituarazten diote. Horrekin batera azido jariapena handiagotu egiten da. Organismoaren feedback edo berrelikadura mekanismoak direla eta, substantzia alkalino bat (azidoaren kontrakoa) irensten bada, epe laburreko gozatze bat gertatuko da baina ondoren organismoak berriro erreakzionatuko du (konpentsatu nahian) azidoak gehituz. Honi deitzen zaio “errebote efektua”. Hau dela eta, aspaldi utzi ziren alde batera esnean oinarritutako dieta alkalinoak, eta hala baztertu beharko lirateke antiazidoak ere. Errebote efektua ez eragin arren, arindu bat bakarrik lortuko litzateke oinarrian dagoen arazoa konpondu gabe.

   Aldiz azido organiko ahulek (fruituek eta eztiak, esate baterako) hasieran azidotasun handiago baten irudipena eragiten dute; baina feedback sistemaren bidez urdailera azidoa jariatzea eragozten dute. Bitaminak ere badakartzate (fruituek) eta zikatrizazio ahalmen handi bat (eztiak) eta horiekin gozatze batetik sendatzeko tratamendura pasatzen da. Hori gutxi balitz, gaur egun ondo ezagutzen dugu eztiak Helicobacter Pylori bakterioaren aurrean duen ahalmena; gaur gauza jakina da bakterio hau dela ultzera eta gastritis gehienen erruduna, eta urdaileko kantzerrarekin ere zerikusia izan dezakeela.

   Pertsona batzuei eztiak aldi bateko bihotzerrea eragiten die. Baina funtsean zera gertatzen da: daukan higroskopiagatik (hezetasuna bereganatzeko ahalmena) eztiak urdaileko mukosa deshidratatu egiten duela (hau hutsik dagoenean) eta ondorioz hau uzkurtu egiten da, bihotzerre sentsazio bat eraginez. Honek ordea minutu gutxiko iraupena du.

   Beste edozein janarirekin gertatzen den gisa berean, zenbait pertsonak ez du onartzen eztia, arrazoi ezberdinengatik. Pertsona hauek (eta berdin alergikoek) ez dute eztirik hartu behar.

   Kopuru berdinetan, eztiak azukre arruntaren bat eta erdi halako gozatzen du. Azukre arrunta finduta dago, zituen propietate zoragarri ia guztiak fintze prozesuan galdu ditu, eta edulkorante hutsean geratu da (gehi hondar kimikoak). Edulkorante hau ez da gizakiok elikatzeko gauzarik onena, zaporeaz gain ez baitu ezer gehiago eskaintzen; eta aldiz, bere metabolizatzeak zenbait arazo ekartzen ditu, hala nola gasak, bizirik gabeko gai baten digeritze txar eta mantsoak eragindakoak. Azukre arrunta digeritzean gai konplexuak sortzen dira, eta hauek kaltzioa hauspeatu eta organismoari “ostu” egiten diote. Hau oso garrantzitsua da menopausian dagoen emakumearentzako, ohi baino kaltzio gehiago galtzen du eta. Hortz-haginetako txantxarrari ere oinarria ipintzen dio.

   Argentinan findutako azukre asko kontsumitzeko ohitura zabalduta dago, eta eztia berriz gutxi jaten da. Osasunaren mesedetan, proportzio honek alderantziz beharko luke.

   Liburu honen hasieran esana dugu urte bete baino gazteagoa den haur bularrekoarentzako kontraindikatuta dagoela eztia, eta diabetikoarentzako beste hainbeste. Kontraindikazio horiei erantsi behar zaizkie alergia dutenak eta eztiarekiko edozein motatako intolerantziaren bat daukatenak. Nahiz eta jakina den eztia oso inportantea dela hazten ari den haur bularrekoaren hezurretan kaltzioa finkatzeko.

   Eztia tonu askotakoa izan daiteke, zurienetik hasi eta ilunenetaraino; kolorea ezberdina da soilik ezti bakoitzak dauzkan mineralen eta aukeratzen dituen loreen arabera. Hortik landa, eztiaren koloreak ez du inolako beste propietate bereizgarririk adierazten. Normalean, koloreak erleen produktuetan (ezti, polen nahiz propolietan) inguruan duten landarediaren araberakoak izan ohi dira.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan