Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Eztia - Azukreak eztia baztertu zuenekoa (2)

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Eztia

Azukreak eztia baztertu zuenekoa (2)

2009-03-27

Medikuek beren kezka azaldu dute

Amerikako eta Europako mediku gutxi batzuk ohartu ziren akats tragikoa egiten ari zela jende bere dietan eta tarteka-marteka idatziak plazaratzen zituzten medikuntzazko aldizkarietan azukre artifizialen erabilera gehiegizkoak zekartzan gaixotasunez. Azukre finduen kontsumoak Amerikako Estatu Batuetan eta Ingalaterran gora egin ahala, sabeleko eta nerbioetako gaixotasun berriak azaldu ziren. Amerikan horiek oro har egozten zitzaizkion bizimodu berriaren abiadurari. Baina mediku burutsuen artean gauza jakina zen gozogarri arfizialon erabilera mugagabeak zerikusi handia zuela arazo horiekin. Doktore horien artetik, hala ere, gutxi batzuk baizik ez ziren arriskatu buruhausteetan sartzera gai honekiko ohar publikoak egin eta azukrearen inguruko interesei erasotuz.

Zalantza gutxiagorekin ibili zen Harvey W. Wiley doktorea, AEBetako Nekazaritza Sailean farmaziako buru eta Jakien Bulegoko zuzendari izana, inoiz izan den gizonik adoretsuenetakoa. Amerikarrak dieta eta osasun kontuetan hezteko kanpaina abiarazi zuen, beste gauzen artean argi eta garbi azalduz egunero azukre birfinduak jatea osasunaren kalterako dela. Baina sendagile on honek sekulako eskandaloa piztu zuen amerikarren hesteen kontrako krimenen inguruan idatziz, hala nola ontziratutako janarietan erabiltzen ziren gai kimiko kaltegarriez, hestebilduetan eta kontserbako haragietan okela ustelak usatzeaz, eta janarien manipulatzaileek giza osasunaren bizkar dirua egiteko zeuzkaten beste hainbat maneraz... eta azkenean (gai horiekiko sortu zen eskandaluagatik) azukreaz egin zituen salaketak ahaztuta geratu ziren. Harvey W. Wileyren lana erabakiorra izan zen Kongresuak Pure Food and Drug Act legea onartu zezan. Baina ez zuen arrakastarik izan amerikarrak konbentzitzerakoan eztia gehiago eta azukrea gutxiago erabiltzeko. Azukrearen konktsumoa AEBetan urtetik urtera handitzen joan zen.

1929an F.G. Banting doktoreak, intsulina lenenbizikoz deskribitu zuenak, ozenki ohartarazi zuen azukre artifizialaren arriskuez: “AEBetan diabetes kasuak ugaritu dira kanaberazko azukrearen per capita kontsumoa handitu den proportzio berean. Kanaberaren berezko azukrea berotu eta berriro kristalizatzeko prozesuan, bada zerbait eraldatzen dena eta produktu findua jaki arriskutsu bihurtzen duena”.

Geroztik mediku ospetsu askok adierazi dituzte kezkak dieta modernoetan azukrea neurririk gabe erabiltzeaz, eztia jatera itzuli behar dela aldarrikatuz. Gai honetaz argi eta garbi mintzatu dira E.P. Joslin doktorea, Harvard-eko Medikuntza Eskolan irakaslea dena, Arnold Lorand doktorea, mediku eta idazle munduan famatua, J.H. Kellog doktorea, Battle Creek Sendategikoa, B.P. Hawk doktorea, Philadelphiako Jefferson Medikuntza Eskolako irakaslea, eta C.H. English doktorea, Lincoln National Life Insurance Companyko mediku burua. Berrikitan New Yorkeko Beeelvue Hospitaleko Norman Jellife doktoreak ere azukre birfindua eguneroko dietan bururik gabe erabiltzearen arriskuak argiki plazaratu zituen.

Hala ere, albiste horietatik gehienak medikuntzako aldizkarietan, egunkarien atzeko orrietan eta hitzaldi pribatuetako egitarauetan daude lurperatuta. Publikoak orohar edo gutxi edo batere ez du entzun horiez.

Droga da, ez jakia

Herritar gutxik dakite azukre bikorrak, arto eta astigar ziropeak eta melazak, guztiak gozogarri artifizialak direla. Are gutxiago dago zabalduta horiek estimulatzaile bortitzak direla, ohitura sortzen dutenak, eta gaur egun jakitzat baino gehiago drogatzat jo beharko genituzkeela. Hain gaude ohituta eguneroko otorduetan erabiltzen, ezen eta azkenerako uste dugun direla atseginak, arriskurik gabeak eta baita elikatzaileak ere. Baina azukreak, konparaziorako, janariarekiko daukan zerikusia da alkoholak esnearekiko daukana. Alkohola janaria dela esan dezakezu horretaz akademikoki mintzatu nahi baduzu. Kaloriak dauzka, beroa eta energia ematen dituztenak. Azukre finduak ere kaloriak dauzka, energia eta beroa emateko gai direnak. Baina ez dute elikatzen.

Artifizialak diren azukre eta zirope denak, izan kanaberazko, artozko, erremolatxazko edo astigarrezko, denak ere ekoiztu dituzte elikagai izan daiztekeen atal guztiak suntsitu dizkien prozesuetan. Esate baterako, kanaberazko azukrea ekoizteko, kanaberaren zukua azufre errearen gasez tratatu dute, edo bestela berotu dute kaltzio bisulfitoz, prozedura horretan kendu zaizkiolarik kanabera zukuak berez zeuzkan proteina, koipe, mineral, bitamina eta enzimak oro. Hortik sortu diren azukre kristalak antzuak dira. Azukrea bizigabetuta dagoenez, horregatik gorde daiteke nahi adina denboran. Garraioaren eta biltegiratzearen ikuspegitik, ezin ukatu aurrerapen handia dela. Astigarrezko ziropea tenperatura handitan berotu behar da. Bere gai organikoak suntsituko ez balizkiote, produktua laster hartzituko litzateke.

Aldiz, eztia erleek manufakturatzen dute lilietan biltzen dituzten nektarretatik. Eztiak funtsean bi azukre sinple eta natural dauzka, lebulosa eta dextrosa, odolak azkar bereganatzen dituenak. Badauzka ere lixeriketa laguntzen duten entzimak, eta mineral ugari eta bitaminak ere bai.

Eztia janari energi emailea da. Librako 1.600 kaloria dauzka; bero eta energia iturri moduan bat ez beste janari guztiak gainditzen ditu. Datila da salbuespena, kaloria gehixeago baitauka. Eztia erregaitzat esnea baino sei aldiz bortitzagoa da. Haragia, arraina, hegaztiak, arrautzak, laboreak eta barazkiak baino anitzez indartsuagoa. Klemperer irakasleak dioenez, goilarekada bat eztik sei oilo-arrautza handik adina kaloria dauka. Yaleko Unibertsitatean fisiologia irakaslea den H.W. Gaggard-ek dioenez, berriz, “dauden karbohidrato guztien artean, eztia da azkarren asimilatzen direnetakoa”. Bai almidoiak eta bai azukreak baino arinago sortzen du energia, baina urdail-hesteak zigortu gabe.

Jatorrizko artikulua ingelesez: "Honey is supplanted by sugar". Bodog F. Beck doktorearen “Honey and Your Health” liburuaren atala. New York City 1938. 1997an Health Resources Press-ek birrargitaratua.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan