Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Eztia - Azukreak eztia baztertu zuenekoa (1)

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Eztia

Azukreak eztia baztertu zuenekoa (1)

2009-03-23

Zergatik baztertu ote dugu eztia guk, mende luzez erabili ondoren, azukre finduen mesedetan? Bitxia dirudi, gaur eztiaz dakigun guztiaren argitan, guk gozo elikagarri hau alboratu izana, azukre lehor eta antzuengatik. Baina arrazoi asko dira horren erantzule, tartean Europako XVIII. mendeko jendeen harrokeria eta ezjakintasuna. 1700a baino lehen oso azukre tuxi inportatzen zen Europara Indiatik. Bi dolar eta erdi inguru kostatzen zen libra eta garai hartan erregeen tarterikoek eta klase aberatsek beste inork ez zuen usatzen. Gaur kabiarrak edo xanpainak daukaten ezaugarri sozial berdintsua zeukan. Herritarren gehiengoak eztia zerabilen gozagarri.

Baina nobleziak darabiltzan artikuluak gainerako jendeek asko baloratzen dituztenez, azukrea laster hartu zen ahogozagarritzat. Aurkitu zirenean moduak kanaberazko azukrea kopuru handitan ekoizteko, eta prezioz apaldu zenean, irrikiz izan zen erosia. 1800rako, Ingalaterrak berak hirurehun milioi libra baino gehiago inportatzen zuen. 1801ean, Franz Achard izeneko zientzilari alemanak aurkitu zuen azukrea beterraba edo erremolatxa buruetatik ekoizteko prozesu berri bat. Laster bete zen Europa erremolatxa-azukrez. Eztia hasi zen galtzen europarren dietaren osagarri oinarrizkotzat zeukan prestigioa.

Amerikan zorrotz kopiatzen ziren Europako modak. Hemen ere azukre zuria ezin zuten eskuratu goi nobleziako jendeek baino. Pobreek kanabera-melaza eta azukre beltza erabiltzea beste biderik ez zeukaten. Hala ere, baserri eremuetan eztia oinarrizkoa zen. New Englandekoek astigar-azukrea eta astigar-ziropa zerabiltzaten, eta melaza ere bai asko.

1840rako industri aroan bete-betean sartuta zeuden Ingalaterra eta Amerikako Estatu Batuak. Azukrea birfintzeko makina berriak asmatu ziren. Prezioz merketu zen. Horrez gain, industri aroak bizi ohitura berriak ekarri zituen. Ingalaterran, zorretan itotako nekazariek fabriken inguruko herrietara emigratu zuten eta familietako kide guztiek jo zuten usinetan lan egitera. Aurrerantzean ez zuen nork bere janaria sortuko, ez eta nork bere erleak zaindu ere. Herri industriatsuetan pilatuta, herritarrok behartuta zeuden eskuragai zeuden janariak erostera. Azukrea eskura zitekeen, baina eztirik ez. Amerikan, laborari zorpetuak New Englandera eta Pennsylvaniako faktorietara lekutzen ziren eta han ere eskueran zeukaten janaria zeukaten erosi beharra. Melaza eta azukre beltza zeuden erosgai, eztirik ez.

1887rako, hain handia zen kanaberazko eta erremolatxazko azukreen gehiegizko produkzioa ezen eta gobernu britainiarrak dei egin zien Europako zortzi herrialde handienetako ordezkariei azukreen gaineko zergak aldatzea proposatzeko. 1900an, Amerikan eta Ingalaterran berrikuntza gehiago asmatu ziren azukre zuria ekoizteko eta ondorioz asko merkatu zen, jende gehienak erosi ahal izateko adina. Munduko azukre produkzioak urteko 13.000 milioi librak gainditu zituen.

Bitartean, 1870etik 1914ra Amerikara Europatik eten gabe iristen ziren etorkinek azukrea onartzen zuten gozagarri amerikartzat, eta balio handikotzat. Garai horretan Europako txiroek eztia kontsumitzen jarraitu zuten, eta handik iritsitako etorkin asko sekula azukrerik dastatu gabeak ziren Amerikara etorri arte.

Lehen Mundu Gerrak azukre eskasia ekarri zuen, eta horrekin batera eztiarekiko interesa berpiztu. Erleak zeuzkaten nekazari amerikarrek inoiz baino prezio hobeetan saltzen zuten eztia eta erleak arreta handiz zaintzen zituzten. Erlezaintza denetan zabaldu zen. Baina aldi berean, gerrako materialak masan ekoizteko metodoak garatu ziren, eta horietako teknika batzuk gero aplikatu ziren azukre kopuru izugarrietan ekoiztu eta ontziratzeko. Gerra ostean, sekula ikusi gabeko abiadan ugaldu zen azukrez gozatutako galleta edo bizkotxa, goxoki, freskagarri gozo eta izozkien ekoizpena. Publizitate kanpainek sustatu zuten horien kontsumitzea. Ia mundu guztiak, izan aberats edo pobre, janariak gozatzeko azukre zuria erabiliko zuen aurrerantzean. Eztia luxu bilakatu zen, eta kasik ahaztutako gozoa.

Jatorrizko artikulua ingelesez: "Honey is supplanted by sugar". Bodog F. Beck doktorearen “Honey and Your Health” liburuaren atala. New York City 1938. 1997an Health Resources Press-ek birrargitaratua.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan