Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Eztia

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Eztia

Bernard Descottes hil da, eztia zaurietan erbiltzen aitzindaria izan den zirujaua

2009-10-13

Urriaren 10ean Frantziako Limoges hirian hil da Bernard Descottes zirujaua. Duela 66 urte Nancyn sortutako mediku hau bihotzeko transplanteetan aitzindaria izan zen Frantzian, gibel transplanteetan ere berrikuntzak ekarriz, eta aldi berean azken 25 urteotan zauriak sendatzeko eztia erabili izan du, honetaz ikerketa zientifiko andana publikatuz. Apiterapeuta frantses-hiztunak biltzen dituen Association Francophone d’Apitherapie elkarteko lehendakari izan zen, gaixotasunagatik kargu hori eta zirujau lana udaberri honetan laga zituen arte.

Descottes medikua Limogesko zirujau taldearen buruetako bat zen 1984an –berak kontatua dio Le Point aldizkariari- neskatxa bat ekarri ziotenean apendizitisa operatu ondorengo zauria inolaz sendatu ezin ziotena. “Erabaki eta aurrera egin nuen –kontatu du Descottesek. Erizainei agindu nien eztia jartzeko zauri hartan. Haiek erreparatu zidaten esanez bezala ‘tipo hau erotu egin zaigu’ baina hiru egunen buruan zauria sendatuta zegoen. Geroztik, 3.000 gaixo baino gehiagorekin usatu dut eztia, arrakasta handiz”.

Le Point astekariak mediku honengana jo zuen iazko udazkenean mendigoizale baten zauriekin lortutako arrakastagatik. Antoine Bonfils 2008ko urrian Everest muturrera iristen saiatu zen, eta ahaleginean eskuin zangoko bost behatzak izoztu zitzaizkion. Menditik jaitsitakoan ebaki egin zizkioten, baina orbainak ondo sendatzeko operazio mingarri gehiagoren beharrean omen zegoen. Kasualitatez jakin omen zuen Descottes doktorearen lorpenen berri eta harengana joanik, hiru hilabetetan zauriak erabat konpondu zizkion.

Urteotan Descottesek ikertu du zaurietarako zein den eztirik egokiena, eta haren ustez ezkaiz (“tomillo” espainolez, “thym” frantsesez) egindakoa da, hala publikatuta dauka. Haren iritzirako, ezkaiak daukan timola da gainerako eztiak baino are egokiago egiten duena. Youtuben ikusgai dago 2008an France 5 kateak Descottesen lanaz klinikan bertan egindako erreportaia: Les vertus du miel (Eztiaren bertuteak).

Apiterpiako Elkarte Frankofonoko lehendakari izanagatik, ez da pentsatu behar Bernard Descottes inondik ere mediku “alternatibo” edo “gauchista” zenik. Mediku lanean, arrakasta itzela lortu zuen osasungintza klasiko edo ofizialean, ospitale prestijiotsuetan. Eta politikan, Frantziako eskuinean ibili izan da, RPR alderdian lehenik eta Nicolas Sarkozyren inguruan antolatutako UMPn gero, hautagai ere izana delarik. Association des Amis de Nicolas Sarkozy elkartearen sortzaileetan egon zen.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan