Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - "Erlea Gure Sendagile" Liburua - Lehen atala

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

"Erlea Gure Sendagile" Liburua

Lehen atala

2007-01-27

   Erlauntzeko produktuen antzinakotasunak badu alde nabarmen bat: esplikatzen dituela (gaurko zientziarekin) orain dela gutxi arte esplikaziorik ez zuten erremedio eta sendabide asko; hala gertatu da buru-hezurreko trepanazioekin ere, antzinako zenbait zibilizaziotan aurkitu baita operazioaren ondoren bizirik jarraitu zutela.

   Aipatu ditugun elementu hauetako bakoitzak bere funtzio zehatzak ditu erlearentzako. Pozoi edo edena defentsarako da eta erle zaharrenek bakarrik produzitzen dute. Argizaria adreiluen gisakoa da, horrekin eraikitzen baitu erleak abaraska den egitura harrigarria, bertan eztia eta polena gorde eta espeziearen ugalketa burutzeko. Erle gazteek ekoizten dute argizaria. Erregina-jelea da larba bat geroan langilea edo erregina izango den erabakitzen duen janari miresgarria, eta hori ere erle gazteek ekoizten dute.

   Eztia elikagai energetikoa da ehunetik ehunean; erle xurgatzaileek loreen nektarretik, landareen atal batzuetatik eta zenbait xomorrotatik ateratzen dute. Polena loreek duten osagai maskulino ernalarazlea da eta janarien artean proteina gehien daukana; kumeak hazteko behar-beharrezkoa. Azkenik, propolia gehienbat erleak zenbait landareri ateratzen dio, baina petroliozko zenbait produktu ere (galipota, asfaltoa, eta abar) erabil ditzake horretarako.

   Propoliak funtzio mekaniko batzuk bete ditzake, hala nola erlauntzean bibrazioak leuntzea, isolamendu  termikoa eta abar; eta erleak erabiltzen du desinfektatzeko ere, bai kumeak jaioko diren gelatxoak (propoliarekin esterilizatzen ditu) eta bai erlauntzaren barne guztia eta ataria. Honetatik hartu du grekerazko bere izena: Pro (aurrean) eta Polis (hiria, jendea). Hau da, erlearen hiriaren aurrean edo babesgarri dagoena.

   Apitoxina, Argizaria eta Jelea erleak berak jariatzen ditu bere soinetik, horretarako erlauntzaren egoera, inguruko tenperatura eta erabilgarri dagoen janari kopurua kontuan hartzen dituelarik.

   Eztia, Polena eta Propolia, aldiz, kanpoko osagaiak eraldatu eta aberastuz ekoizten ditu erleak. Horrela, loreen nektarra -%80an urez osatuta dagoena- entzima eta beste zenbait gaiz aberastuko du eta gainera bere ura %18-20 izateraino deshidratatuko du. Hori guztia lortzeko erleak nektarra irentsi, hausnartu, eta ondoren deshidratatu egingo du. Bere listuarekin aberasten du erleak eztia.

   Ondorengo ataletan informazio hau zabaldu egingo dugu, larregi murgildu gabe liburu honen helburuei ez dagozkien xehetasunetan. 

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan