Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - "Erlea Gure Sendagile" Liburua - Hitzaurrea

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

"Erlea Gure Sendagile" Liburua

Hitzaurrea

   Eduki horiek guztien zati bat aurkituko du irakurleak euskarazko “Erlea gure sendagile” honetan. Hemen eskaintzen dena Julio César Díazek idatzitako testua da ia osorik, egilearen oniritziarekin, zenbait pasarte Argentinako egoerari oso lotuak zirenak kenduta. Kuba, Uruguai eta Kolonbiako kasuei zegozkien atalak alde batera utzi ditugu. Lagun batzuk gaztelaniazko bertsioa argitaratzera menturatzen badira, besterik erabaki ahal izango dute. Julio Césarrek bere liburuan aurkezten duen bibliografia aberatsa, berriz, www.argia.eus/apiterapia helbidean irakurri ahal izango du, gehiago sakondu nahi duenak.

   Apiterapiaren ikuspegi orokor eta zehatza euskaraz ematea da argitalpen honen helburua. Hautatu dugun egileak ematen dio bermea gaiari dagokionez. Gaztelaniazko zein frantses edo ingelesezko beste hainbat liburu eta idazleren artean, maite dugu Julio César Díazek daukan ikuspegia. Zientzialari zorrotza izateaz gain, bere inguruko gizartearekin eta batez ere justiziarik eza gordinen nozitzen dutenekin duen konpromisoa erakutsi du beti. Gizon aurrerazale eta kritikoa izanik, bere jarduera profesionalean ere zorroztasun bera darabil.

   Apiterapiaren ezagutza orokorra eskuratzeko liburu aproposa dela ziur gaude. Gainerakoan, egileak berak garbi uzten ditu bere mugak. Adibide bat aipatzeko, apitoxina edo erleen pozoiaz ari den atalean garbi adierazten du berak, horren erabilera batzuetan dela aditu, eta apitoxina akupunturarekin lotzen duen apipuntura jorratu ez duenez, hori alde batera utzi duela. Beste hainbeste gertatzen da azken urteotan beste apiterapeuta batzuen eskutik indarrean datozen “aromiel” deitzen direnekin. Mota ezberdinetako eztiak eta olio esentzialak uztartuz egiten dira aromiel horiek, euskaraz apika “lurrinezti” bataiatu beharko genituzkeenak. Badira erleen produktuekin egiten diren hainbat krema, ukendu eta pomada eta horiek azalean erabiltzeko metodo ugari ere bai. Liburu honekin osasuna erleen bidez zaintzea erakargarri egin bazaio irakurleari, berak bilatuko ditu jakintza honetan sakontzen lagunduko dioten liburu eta gainerako dokumentuak.

   Euskarari dagokionez, liburu ulerterraza egiten saiatu gara, egileak esan nahi duenari ahalik eta estuen lotuta. Cesar doktorea medikua da baina medikuentzako adina herritar arruntentzako idazten du, didaktiko izan nahian; gainera, berezkoa duen berotasunari uko egin gabe. Gaztelaniazko testuari zorrotz lotzea eta euskaraz liburu irakurterraza egitea uztartu nahi izan dituzte itzultzaileek. Eta eskueran zeuzkaten irtenbiderik egokienak eman dizkiete erlezaintza, kimika eta medikuntza arloetan aurkitu dituzten arazoei.

   Irakurleak ulertuko du itzultzaileek zalantzak edukitzeko motiboak bazituztela esaten bazaio –adibide argigarri bat aipatzearren– duela urte gutxiko liburuetan “erlazantza” aipatzen zela eta gaur berriz “erlezaintza” esan behar dela. Gure aurretik erleei eta erlezaintzari buruz idatzi dutenek egindako hautu asko politak izan arren alde batera utzi behar izan dituzte itzultzaileek, normalizazio arauek hala behartuta. Ez al da ba penagarria “erregina-jelea” deitu behar izatea gure aurretik erleen munduaren ezagutza handiagoarekin beste batzuek “erregin-ahia” izendatu zutena? Beraz, garbi gera bedi hemen ez dagoela inolako erlezaintza hiztegirik eta ez arlo hau hizkuntza aldetik normaltzeko proposamen formalik.

   Ez da hau erleen inguruan euskaraz idatzi edo plazaratu den lehenengo liburua. Mikel Celestinok eginda “Erle gobernatzalleen gidariya” izenburua daraman web guneak (www.euskalnet.net/mikelc/index.htm) horietako batzuen aipamena egiten du. Joakin Santa Barbara apezaren “Erle gobernatzalleen guidariya, edo erleac gobernatceco modua” 1827koa da. Agustin Iturriaga hernaniarrak 1842ean plazaratutako “Jolasak” liburuan eta Pierre Duvoisin-en 1858ko “Laborantzako liburua” delakoan badira erlezaintzari dagozkion pasarteak. Iturriagarena izan behar du apiterapiaren euskarazko lehen zantzuak idatzita eman dituena:

B.- Ez bakarrik ematen digute eztia, bai ere argizagia.
A.- Nola ezti zalea naizen txit, ez nintzan argizagiaz oroitzen.
C.- Jateko bezin ona da eztia oskaitako. Kostoma dan orduan hartzen da eztia urarekin. Eruskinak jan arazten dute askotan bazkal aurrean gorputzetik libratzeko. Beste aldetik, berriz, zenbat gauzatarako ez da ona argizagia?. Honekin egiten dira arkaiak, ezkoztuak, eta enplasto moet asko”.

   Ulertzen samurregia ez da. Baina “oskaia” osagai edo erremedioa dela pentsatzen badugu, “kostoma” hotzeri edo marranta, “eruskina” botikak agintzen dituen sendagile edo botikariren bat dela, “arkaia” hartzeko moduko botika izan behar duela eta “ezkoztua” ezkoa daraman ukendua... horra euskarazko lehen farmakopea txikia.

   Ixaka Lopez Mendizabalek “Erleak, beren bizitza eta oiturak” publikatu bide zuen 1933an. Gerra pasa eta askoz beranduago, J.M. Setienek “Erleak eta eztia” plazaratu zuela diosku Celestinoren web guneak. 1985ean Bizkaiko Erlazainen Elkarteak “Erlazantzako oinarrizko ezaguerak” plazaratu zuen. 1989an Martxel Aizpurua biologo aitzindariak “Erleen bizitza ezkutua” izenburuaz publikatu zuen euskaratuta aurretik “La Hullotte” aldizkari bitxi bezain zoragarriak himenoptero hauei frantsesez eskaini zien zenbaki berezi polita. Gero etorriko ziren Bizkaiko Elkarteak 1992an ateratako “Erlazantzarako oinarriak” eta Martxel Aizpuruaren “Iturrarango erlategia”.

   Aparteko aipamena egiteko utzi dugu erleei buruz euskaraz egin den obra monumentala. “Erlezaintza” izenarekin bi tomotako lan erraldoia plazaratu zuen Txomin Iakakortaxarena apezak Kardaberaz Bazkunaren babesean. Luis Mari Intzak izan zuen gizona Berastegin apaiz zegoela ezagutzeko zoria, eta ondo gogoan ditu erleen inguruan bien artean izandako hitzaspertuak. Iakakortaxarena euskara batuaren kontrario itsua zela jakiteak ez luke gaur inor asko ikaratuko, deabru armatuak gure hizkuntzan infiltratutako “h” hizkiari buruzko errieta haiek ahaztuxeak diren garaiotan. Baina hortik askoz haratago jo nahi izan zuen Iakakortaxarenak, munduan gaur erabiltzen diren kontzeptu guztientzako euskaratik abiatutako neologismo berri bana sortu nahian. Horregatik, liburu horietara pazientziaz beteta hurbiltzen den euskaltzaleari ere arras ulertezinak zaizkio bere orriak. Edozein erlezale euskalduni emango dio bihotzondokoa liburu mardul horien orri aberatsak zabaldu eta gizon jakintsu hark hainbesteko ahaleginaz idatzitakoarekin zer eginik ez edukitzeak. Ez bada bukaeran dakarren hiztegiarekin.

   Aipatu ditugun lanen izenburuetan ageri denez, orain arte euskaraz erleaz publikatu den pittina erlezaintzari buruzkoa izan da: erlearen biologia, bizimodua, bere hustiapena, teknologia, bere produktuen merkaturatzea... Horretan azken hogeita bost urteotan lan handia egin da Euskal Herrian erlea eta erlezaintza berpiztetik hasi eta zabaltzeko. Gure artean erlezainak polena biltzen garai horretan hasi zirela jakinda, ulertzekoa da apiterapiaz hemen berri handirik ez izatea.

   Baina munduan barrena apiterapian lanean jende asko ari zen, eta ari da. Gizakiak erlearekin harreman estua betidanik eduki du; eta beti aurkitu die erleari eta bere opariei hainbat erabilera osasun-emaile. Idazten hasi zenetik utzi ditu gizakiak polena, eztia, ezkoa eta propolia sendagai gisa erabiltzen zela dioten aipamenak, Egipto, Mesopotamia, Txina eta beste hainbat kultura antzinakoetatik hasita.

   Osasungintza eta medikuntza modernoen ondoan, azken mende eta erdian apiterapiak bere bidea egin du mundu osoko mediku eta erlezainen artean. Dagoen bibliografia sarria da horren lekukoa. Bigarren mundu gerratik hona, mundu osoan osasun sisteman farma-industriak indarra hartzeak berak eragin du paradoxa moduan apiterapia zehatzago lantzea. Sistema komunista deitu zen hartako herrialdeek botika berri askoren patenteak erabili ezin zituztenez, beste hainbat terapia landu behar izan zuten. Kasurik nabarmenena azken hamarkadetan Kuban gertatutakoa da. Hemen, Estatu Batuek ezarritako blokeoa zela eta, unibertsitatetik eta osasun sistematik bertatik bultzatu da herrian bertan egon zitezkeen terapia guztiak aztertu eta baliagarrienak sisteman integratzea. Mundu osoan apiterapia jorratzen ari ziren mediku aurrerazaleek Kuban aurkitu dute laborategirik ederrena erleen produktuak eta botika ohizkoak alderatzeko; trukean Kubak beste inon ez bezala integratu ditu bere osasun sisteman apiterapiako produktu eta protokoloak.

   Euskal Herriko farmazia eta parafarmazietan –belardenda, dietetikagune, ekodenda...– sudurra sartzea nahikoa da ohartzeko apiterapia gure artean uste baino hedatuagoa dagoela. Erlezainek berek zuzenean saltzen dituztenak ahaztu gabe. Alde horretatik, jadanik edozein herritarren eskueran dauden produktuak era burutsuago batean eta etekin gehiago atereaz nola erabili ikasiko du irakurleak liburu honekin. Liburu honetara hurbilduko diren medikuei berriz, seguru irekiko dizkiela bide berriak gaixoak artatzeko beren lanerako.

   Orriotako informazioak nola erabili –eta nola ez erabili– oso argi adierazten du behin eta berriro Julio César Díaz doktoreak berak. Batik bat apitoxinari dagokion atalean. Ohar horiek gogoan izan ditzala irakurleak. Ez diegu guk bere gomendioei itzalik egingo hemendik.

   Bukatzeko, eskerrak ematen dizkiogu Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuari liburu hau euskaraz plazaratu ahal izan dadin eman duen laguntzagatik. Seguru gaude irakurleei osasuna mantendu eta hobetzen lagunduko dien adina lagunduko diela erlezainei beren eta zaintzen dituzten erleen produktuak hobeto saltzen.

Luis Mari Intza eta Pello Zubiria

P.S. Egilearen helbidea: epumer@infovia.com.ar.

Gureak: Luis Mari Intzarena gazpio@euskalnet.net eta Pello Zubiriarena zubiria@argia.eus

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan