Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Apiterapia - Argizaria-Ezkoa

erlea&apiterapia

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Argizaria-Ezkoa

Zer da argizaria edo ezkoa?

2007-01-25

   (Julio César Díaz-en “Erlea Gure Sendagile” liburutik hartua).

   Argizariarekin erleek abarasken egitura egiten dute, lehen esan dugunez. Antolatutako gelaxka horietan gero erleak eztia, polena edo bere kumeak ipiniko ditu.

   Egitura hau naturak dituen gauza harrigarrietako bat da, bai bere forma perfektua delako, bai kokatzeko moduagatik (gelaxkaren hondoa abaraskaren beste aldeko hiru gelaxkak osatzen dute) eta bai bere erresistentziagatik. Gelaxken forma eta kokapena da material gutxien erabiliz sendotasunik handiena eskaintzen duena.

   Normalean erabiltzen den argizaria “operkuluak” deitzen direnetakoa da; hau da, argizari egin berria, erleak eztia ipinitako gelaxkak estaltzeko erabiltzen duena. Kalkulatu da erleak zazpi kilo ezti jan behar dituela kilo bat argizari ekoizteko. Argizari hau erle gazteek sabelean dauzkaten guruin argizarigileek ekoizten dute. Argizariaren jariatzea inguruko tenperaturaren arabera gertatzen da: tenperaturak jaitsi ahala argizari gutxiago ekoizten dute erleek.

   Argizaria substantzietan koipetsuena da; horregatik erabiltzen da gehienbat beste prestakinetarako (krema eta pomadetarako), batez ere kosmetikan usatzeko. Industrian ere oso erabilia da. Ez da ahaztu behar eliz liturgian ematen zaion erabilpena, zenbait elizkizunetan kandelek argizari hutsezkoak izan behar dute eta.

   Argizariak duen ezaugarri nagusietako bat larruazala leuntzekoa da, eta horregatik erabiltzen da hainbeste dermatologiako produktuetan, zeren eta koipe lodi bat bilatzea balitz kontua beste produktu merkeagoetara joko bailitzateke argizariaren ordez.

   Argizariak A bitamina asko dauka; 100 gramo haragik bitamina horren 60 NU (nazioarteko unitate) dituzten bitartean argizari kopuru berak 4.096 NU baititu. Baina propietate hau eta berdin ondoren aipatuko ditugun besteak berotu gabeko argizariak dauzka. Berotzen bada, A bitamina eta beste substantzia lurrunkor asko galdu egiten dira.

   Eztia eta argizaria mastekatzea ohitura oso ona da, listua jaregitea erraztu, urdailaren eta hesteen aktibitateari lagundu eta metabolismoa azkartu egiten dituelako. Guztiarekin odolaren zirkulazioari laguntzen zaio eta giharren lan ahalmenari ere bai. Bere lan mekanikoaren bidez argizariak hortzetako lertzoa garbitzen du, eta horien higienea eta iraupena indartzen.

   Tratamendu hau egiteko modurik onena eztia aberasketan jatea da. Hauek ez dira sarri ikusten Argentinako merkatuan, baina ezezagunak ez dira. Eztiaren kontsumitzaile prestuak nahiago du era honetan hartu, argizaria baita eztiei “bouquet” edo ahogozoa ematen diena. Bestalde, horrek bermatzen du erlauntzeko produktu hau egiazkoa dela, eta kontsumitzaileari erlauntzetik aterata bezala iritsi zaiola. Abaraskan eztia ezin da adulteratu.

   Produktu hau (argizariarekin eztia) 15 bat minutuz mastekatzeak hobetze handi bat ziurtatzen du, sendatzea ez denean, sinusitisa, asma eta polinosia bezalako arazoetan.

   Enpirikoki uste da argizari-eztiak mastekatzeak hortzonak sendotzen dituela eta erretzeko ohitura uzten laguntzen duela.

   Argizaria kontsumitzeko beste modu bat erle-opila da: barruan polena eta eztia daukaten aberaska zatiak alegia.

   A bitamina halako kopuru handitan daukanez, argizaria aholkatzen da bitamina horren eskasia dagoen prozesuetan: begien akidura, begietako arazo oro, larruazaleko arazoak, zikatrizazio arazoak, eta abar.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan