Nola justifikatu diru-xahuketa

Gorka Bereziartua
0

Europako Kontu Auzitegiak esan du, gutxi gorabehera, zentzugabekeria erraldoia dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lotuko dituen AHTren proiektua, trena ez baita bideragarria izango kontuan hartuta obren kostua, espero den bidaiari kopurua –txikiegia honelako azpiegitura justifikatzeko–, Ipar Euskal Herriarekin eta Frantziako Estatuarekin faltako zaion konexioa eta beste hainbat arrazoi.

Eta hiztegira jo dut “efiziente” hitzaren bila: “Lan edo funtzio bat behar bezala betetzen duena”. Hum. Jesus Lozak esaten baldin badu efizientzia ez dela zenbakitan bakarrik neurtzen, esplikatu beharko luke zer beste funtzio betetzen duen AHTk “behar bezala”.
Baina esplikatu beharko luke serio, zeren Radio Euskadin eman duen azalpen honek brometakoa dirudi. Eta gainera, fabore flakoa egiten dio Bernardo Atxagari, zeinak ez zuen Euskal Hiriaren ideia plazara atera, preseski, azpiegitura erraldoiei alfonbra gorria jartzeko, nahiz eta gero horrela interpretatu (nahi izan) duten bai AHTren propagandistek, baita kontrako zenbaitek ere –ez ahaztu idazleari egin zioten eskratxea–.
“Hori egiten dute, ez dutelako irakurri”, esplikatu zion Atxagak Fermin Etxegoieni Berandu baino lehen telebista programan, etxe aurrean egin zioten protestaz ari zela. Antzeko problema da Lozarena ere, segur aski ez duela irakurri Atxagak zer idatzi zuen Euskal Hiriaz. Segur aski ez zaio asko inporta ere. Segur aski, puntu honetara iritsita, agintariak prest daude edozein justifikaziori heltzeko, kontua tren lasterra eraikitzen segitzea baita.
Guztiz segurua, hala ere, bauza bakarra da: genero surrealistan besterik kabitzen ez den eskratxe haren mailan kolokatu behar dela Lozaren adierazpen hau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA