Ez adiorik Jalal Mansur Nuriddin, rap musikaren aitona

Gorka Bereziartua
0

Astelehenean hil zen Jamal Mansur Nuriddin.

Asteartean eman dute berria: Jalal Mansur Nuriddin hil da aste honen hasieran. 74 urte zituen. Pertsonaia aski ezezaguna paraje hauetan; eta hemendik kanpo ere, ez behar bezain errekonozitua, kontuan izanda “rap musikaren aitona” gisa ezagutzen zutela yankien herrialdean.

Nuriddin The Last Poets taldeko kidea izan zen 1970eko hamarkadan, lehenbiziko bi diskoetan parte hartu zuen eta zenbaiten ustez, lan horietan entzuten den spoken word politizatua izan zen hurrengo hamarkadan hip hop musikak garatu zuen eredua.
Baina batez ere, Lightnin’ Rod izenarekin sinatuta 1973an publikatu zuen Hustlers convention diskoak bihurtu zuen Public Enemy edo Wu-Tang Clan bezalako raparen leiendentzat erreferentziazko artista.
“Bizi ziren ghettoa ulertu nahian zebilen jendearentzat ahozko bide-orri bat”: hitz horiekin deskribatu zuen Public Enemyko Chuck D-k diskoa. Hip hoparen aitzindariek buruz ikasi zuten. Grandmaster Flash-ek festa guztietan jartzen zuen. Eta salmentetan markarik hautsi ez zuen arren, fenomeno musikal berri baten lehenbiziko erakusgarritzat jotzen da –nahiz eta Nuriddinek rap musikariek egiten zutena eta bere diskoak gauza diferenteak zirela azpimarratzen zuen–.
Edonola ere, hip hoparen kulturak eta musika beltzak Euskal Herrian ere geroz eta jarraitzaile gehiago dauzkala dirudienez, ondo legoke momentu hau baliatzea mugiro hura egosten hasi zen lapikora bueltatzeko, akaso agertuko baita osagairen bat hemengo errimatzaileek oraindik dastatu ez dutena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA