Imajinatu ezin dena egiteaz

Gorka Bereziartua
0

Jendetza Ahotseneko emanaldi batean (argazkia: Durangoko Azoka).

Geroz eta konbentzituago nago ekintzek irekitzen dizkiotela bide berriak irudimenari eta ez alderantziz; geroz eta zailagoa iruditzen zait norbaitek teoria brillante bat formulatzea eta, ideiaren distirak argituta, herritarrak ekintzara pasatzea –edo, modako hitza erabiltzeagatik, “aktibatzea”–.
Durangoko Azokaren azken urteetako ibilbideak ere ikuspegi hori indartzen duelakoan nago: aurtengo edizioaren lehen egunean ekarri dute gogora Ahotseneak hamar urte bete dituela. Eta orain zail egiten da imajinatzea Azoka hura, artistek beren lanak erakusteko espaziorik gabekoa, bisitariari eduki askoz gutxiago eskaintzen ziona. Orain ezagutzen dugun Azoka hau orduan imajinatzea bezain zaila, gutxi gorabehera.

Doktoreak baditu euskal zerak, baina hamarkada bat atzera egin, eta ez dut aurkitzen formulazio teoriko handirik, plan estrategiko instituzionalik eta marketin kanpaina garestirik hain garrantzitsua bihurtu den ekimena martxan jartzeko. Benetan funtzionatzen bukatu duten beste ekimen asko bezala, materialki egitea izan zen kontua, probatzen hastea, funtzionatzen bazuen segitzea. Bidean izan dira kirrinki-karrankak, asmatu da identifikatzen haziminak zirela, eta horri esker 2017ko edizio hau bukatzera doanean, “liburu eta disko azoka” zen hura antzaldatuta dago, bisitaria kontsumitzaile ez ezik, kultura baten parte aktibo izatera gonbidatzen duen lurralde bihurtua.
Eta egin izan ez balute? Zer izango zen Azoka gaur egun, duela hamar urteko apusturik gabe? Fikzio-ariketak egitea da noski, baina ez dut uste gehiegikeria denik esatea, krisi ekonomikoaren urte bortitzenak tartean izanda, galdu dena baino puskaz gehiago galduko zela bidean.
Dena ez da ospakizuna haatik: Ahotseneak lehen hamarraldia ospatu duen egun berean, oasi honen berotan, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) aurkeztu du txosten bat, Argazki hau euskaraz mintzo da tituluduna, zeinak euskarazko antzerkiaren egoeraren analisi kritikoa eskaini nahi dion irakurleari. Elkarteak nabarmendu du instituzioen aldetik jasotzen duen laguntza eskasa, baita Euskal Herriko hiriburuetan euskaraz egiten den teatroak jasaten duen bazterketa ere, beste zenbait aferen artean. Eta egoera oso paradoxikoa da, izan ere, euskarazko antzerkia azken urteetan bizitzen ari den loraldiarekin kontrastean –obren kalitatea eta publikoaren erantzuna ikusita fenomeno nabarmena da–, “krisi sakonean” dagoela aitortu du publikoki EHAZEk.
Eta horren aurrean zerbait egiten ez bada? Ez dut hasi nahi hamar urte barru egoera zenbat okertua izango den asmatzeko fikzio-ariketak egiten. Egiten hastea baita kontua, hemen eta orain, etorkizuna izan dadin orain imajinatu ezin dugun bezalakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA