Gazteekin obsesionatuta bizi den kultura hau

Gorka Bereziartua
0

Aneguria eta La Basu ostegun goizean, gazteei nola rapeatzen den irakasten.

Ibilbidea: Amelie Nothomben Hodien metafisika eta Josep Plaren Kale estua-ren aurkezpenak, Beñat & Julen Axiari eta Joseba Irazokiren Bas(h)oan diskoaren aurkezpena, Aneguriaren kontzertua, Velozet-ena.
Gazteak: ezezagun handi hori. Zer pasatzen da gaur Azokako pasillo guztietan barrena zebiltzan izaki horien buruetatik? Nola iritsi dira hona? Zer bilatzen dute? Euskal kulturaren obsesioetako bat dira –zenbat aldiz entzun dugu norbait “gazteak erakarri nahi ditugu” esanez; eta, ejem, zenbat atentatu kultural justifikatu dira herri honetan gazteak erakartzearen izenean–. Baina obsesio horrekin kontrastean, gutxitan ematen zaie hitza. Eta gutxiagotan protagonismoa.

Gaur ikasleen eguna izan da Durangoko Azokan. Eta nonahi zeuden. Lekurik insospetxatuenean ere bai –alegia liburu-aurkezpenetan–. Antolakuntzak asmatu du Landakora etorri den berdetasun horrentzat prestatu duen eskaintzan, aukera eskaini dielako produktu kultural batzuk inbututik bultzaka sartu ordez beraien sormen-gaitasuna garatzeko baliabideak eskaintzen. Tailer ugari goizetik: nola hasi rapeatzen, liburu bat nola egin, nola programatu Android gailuetarako aplikazioak, eta abar. Ez da enfoke txarra, biharko erosle potentzialak bilatu ordez, gaurtik sortzaile izan daitezkeen pertsonei baliabideak eskura jartzea –zeren, behin sortzen hasten direnean, bilatuko dituzte erreferente kulturalak Azokako eskaintzaren barruan–. Agian horrela pasako dira Go!azen-en standaren aurrean ilara egitetik, demagun, Igela argitaletxeak daukanaren inguruan zokomiran ibiltzera.
Igela argitaletxea aipatu dugu? Bai, Igela argitaletxea aipatu dugu. Ba testuaren kasualitate hau probestuz, esan dezagun nazioarteko literatura finena euskarara ekartzea misio duen editorial iruindarrak pare bat liburu aurkeztu dituela gaur, literatura ulertzeko bi modu nahiko antagonikoren erakusgarri ere izan daitezkeenak.
Jexuxmari Zalakain, Garazi Arrula eta Xabier Olarra, Amelie Nothomben eta Josep Plaren liburuen aurkezpenean.

Amelie Nothomben Hodien metafisika-ren berri eman du Garazi Arrula itzultzaileak, autofikziotzat jo daitekeen nobela, eta idazlearen bizitzako lehen hiru urteak ardatz dituena. Bai: lehenbiziko hiru urteak. Abiapuntutik bertatik da ezohikoa Nothombi euskarara itzuli zaion hirugarren liburu hau, fikzioa pur et dur, hain justu aurkeztu duten beste liburuaren –Josep Pla kataluniarraren Kale estua– antipodetan. Kazetaritza egiteagatik kartzelan sartu zuten Jexuxmari Zalakainek itzuli du bere testu periodistikoengatik nabarmendu zen idazlearen nobela hau, zeinaren apustua, Zalakainek berak esplikatu duenez, ikusten den errealitate hori kontatzea den, ezer asmatzen ibili gabe –Stendhal ei zeukan eredutzat Plak literaturarako, eta badakizue zer zioen Stendhalek: “Nobela bat da ispilu bat, bide luze batean promenatzen dena”. Jarrera errealista, pur et dur–.
Beñat Axiari eta Joseba Irazoki ‘Bas(h)oan’ diskoa aurkezten Leire Palaciosekin batera.

Klis-klas batean eta lekutik mugitu gabe, hara non agertzen diren Joseba Irazoki eta Beñat Axiari Bas(h)oan diskoa besapean. Elkarren eskutik publikatu dute Robbie Basho gitarra jotzailearen berrinterpretazio bitxi hau. Ez dakizula Basho nor den. Ya, nik ere ez nekien. Baina Joseba Irazokik esaten badu tipoaren gitarra jotzeko modutik asko ikasi zuela, afinazioak erabiltzeko zuen moduari erreparatuz eta abar; eta Beñat Axiarik esaten badu “maitemindu” egin zela Basho entzutean, ba gauzak interesa hartzen du. Berez diskoko bost kanta dira AEBetako musikariarenak, beste zazpi berriz diskoaren egileen uztakoak –nonbait argitaletxearen eskaerari erantzunez–. Pena bakarra: aurkezpenean ez dute kantarik jo, Wine song entzun ahal izan da baina, disko hau zuzenean materializatzen ikusteko itxaron egin beharko. Ez gehiegi: datorren astean Donostiako Victoria Eugenia klubean.
Aneguria entzunez abisatu dit tripak bazkalordua dela. Baina kieto, hau entzutera etorri gara eta: Bilboko abeslari honek hip-hopa eta reggaea nahasten ditu koktel koloretsu batean, zeinak hoberen funtzionatzen duen abeslariak melodikoki kantatzen duenean, lortuz, adi honi, publiko euskalduna dantzan jartzea. Kostata, hori bai: lehenbiziko kantetan entzuleen konplizitatea bilatzen saiatu da, Arestiren harriak baino gogorrago mantendu den entzulegoaren aurrean. Momentu batez pentsatu dut ordu erdiz horrela jarraituz gero egoera nahiko deserosoa bihurtuko zela mundu guztiarentzat. Baina Aneguria ez da kikildu, iritsi da Irrikitan hit-a, urtu dira izotzak eta eszenatokian presentzia irabazten joan da. La Basurekin Trakamatraka kantatu duenerako Ahotseneako karpa festa bat zen. Lehenbiziko diskoa du Horchata de chufa eta Musikazuzenean-en standean aurkituko duzue.
Velozet taldeak rock-and-roll energikoa ekarri du Durangora.

Hondarribiko Velozet taldearen deskarga elektrikoarekin bukatu dut eguna. Gauzak asko sinplifikatzeko lizentzia hartuz, esango nuke Bidasoaldean badirela gutxienez bi tradizio rock talde bat osatzerako orduan: post-ildoa, batetik, rockaren ohiko klabeak deseraikitzetik sortzen dena; eta rock-and-roll energikoenaren esentzietatik edaten duena, bestetik. Bigarren joera horretan kokatzen da, zalantzarik gabe, Velozet: boltaje handiko boskote bat, ordu erdian publikoa pulberizatuta utzi duena eta kasik Ahotseneako mikro bat pikutara bidali duena. Deabru baten jaiotza dauka izena euren lehenbiziko diskoak eta, bai, asmatu duzu, hau ere Musikazuzenean-en standean dago salgai.
Portzierto, Azoka ixteko gutxi falta da lerro hauek idazten ari garen unean eta Toti Martinez de Lezeak liburuak sinatzen jarraitzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA