Gutarrak ala kaosa

Gorka Bereziartua
0

Segun eta nondik begiratzen diozun, izan daiteke Kortaturen La familia Iskariote kantaren bertsio baterako materiala: aldatu “¡Sabotaje! ¡Rebelión! ¡Desobediencia! ¡Agitación!” eta jarri “Ilegalitatea! Sezesioa! Matxinada! Anarkia!”;  grinarekin joz gero, seguru gaztetxeren bat saltaraziko duela.

Diferentzia da Aznarri entzunda ez duela parrandarako gogorik ematen, mantapean gordetzekoa baizik, pelikulatik gogoratuko duzun esaldi bakarra xuxurlatzeko Bruce Willisi: “Batzuetan indepeak ikusten ditut”. Aitortu behar zaio gaitasun hori George Bushen bekadunari: edozein hitzi hostoak erortzen zaizkio bere ahoko negutik pasatzean. Aznarrek ez du ahoskatzen, Aznarrek berbak lehortzen ditu estepako polboroi bihurtzeraino –hitz egiteko maneran nabarituko zenioten–. Eta esaten duenaren formak salatzen du nongoak dituen jatorri ideologikoak, desordenaren etsai, bermeen zale askatasunen gainetik bada ere: eskuinerago pareta besterik ez daukan pentsamolde espainiar agoniko jakin baten larrialdietarako kit klasikoa. Atzo Jose Antonio Primo de Riverak jartzen zizkion hitzak, esanez sozialismoa zela “mendebaldeko zibilizazioa suntsituko duen ordena baten etorrera oldarkorra”; gaur Aznarren ahotan da independentismoa “anarkiaren aginpidea” ezarriko duena. Gutxi inporta gaiak, arrisku sentsazioa hauspotzea da kontua, mehatxua puztea, soluzio gogorra gurindu dezan.
Fartsa hutsa da dena. “Gutarrak ala kaosa” dio Aznarrek; eta herriak “kaosa!” erantzuten badio, prest dauka arrapostua: “Berdin da, hori ere gu gara”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA