Hobe zenuela ezkondu?

Gorka Bereziartua
0

Idatzita utzi zuen Etxahun handiak: “Zuiñ eijer den mahaiñ saintiala bildürik / bi espus eskik emanik elgarri”. Eta hari kasu eginez bezala, gaur Zinemaldiko Sail Ofizialean senar-emazte atipikoen eguna izan da. Le sense de la fête / C’est la vie komedia frantsesak ezkontza, tira, konplikatu bat kontatu du. Love me not frantziar-greziarrak berriz, gauza, tira, arraro samarrak egiten dituen bikote baten istorioa.

Idatzita utzi zuen ba Etxahun handiak: “Batian plazer bestian aldiz arrünküra / uste gabeko nahi gabekuak”. Azken horietatik dezente ditu Olivier Nakachek eta Éric Toledanok zuzendu duten La sense de la fête-k: protagonistak zuzentzen du ETB enpresa bat (ez euskal telebista, baizik eta Ezkontzak, Tripakadak eta Bataioak antolatzen dituen horietako bat). Bezero exigente eta ergel samar baten kapritxoei erantzun behar die jauregihandios batean antolatu duten zeremonian. Baina daukan ekipoa desastre hutsa da.

Catering enpresa bateko langileak dira Nakache-Toledano tandemaren filmeko protagonistak.

Ezkontza ondo ateratzeko dauden zailtasunak dira endredo-komedia honen ardatza, pertsonaia-tipo oso definituak, erritmo bizkorra eta dialogo txisposoak baliatuz funtzionatzen duena. Intouchables arrakastatsuaren formula bera antzematen da film honetan ere, eta alde horretatik nobedade handirik ez dakarte zuzendariek; gainera, txiste batzuk puntu batetik aurrera errepikakorrak egiten dira. Baina komedia entretenigarria da, ondo pasatzeko modukoa, askoz gehiago eskatu gabe.
Senar-emazte “creepy” greziarrak
Idatzi zuen Etxahunek, idatzi zuenez: “Mündu huntan den bekhaxkeriarik handiena / bethi danik da aberatstarzüna”. Love me not-eko senar-emazteek entzun izan baliote, agian beren buruari aurreztuko zioten filmean pasatzen zaiena. Lasai, spoilerrik ez: mugatuko gara esatera hasieran haurdunaldi subrogatuari buruzko pelikula dirudiela, baina gidoiak ezusteko bi twist dituela, ni behintzat irabazi nautenak.
Senar-emazte durduzagarriak ditu protagonista ‘Love me not’-ek.

2009an Yorgos Lanthimos-ek zuzendutako Kynódontas-en lehengusu txikia da Alexandros Avranas-en lan hau, baina biolentzia gehiagorekin, Hanekeren Funny games koktelean nahastu izan balute bezala. Antzezleen jarrera zurrunak tentsioari laguntzen dio eta dauzkan bertuteen artean dago bukatzen dela bukatu behar duenean, momentu batetik aurrera debalde olgetan aritu gabe.
Idatzi bazuen Etxahunek, idatzi zuen: “Egünko egünak hortara ekharri gütü”. Biharkoak berriz, ez ditugu gaur aurreratuko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA