Emakumeena da boterea, bere alde txarrekin ere

Gorka Bereziartua
0

Bi emakume protagonista indartsu Sail Ofizialeko bigarren egunean. Emmanuel Finkielek zuzendutako La douleur-ek II. Mundu Gerrako Parisera eraman gaitu; Ni juge ni soumise-k gaur egungo Belgikako epaile baten bulegora.

Baina hortik aurrera, bi pelikula oso diferente dira. La douleur Marguerite Duras idazlearen lan baten egokitzapena da, argitaratu zuena naziek okupatutako Parisen idatzi zituen egunerokoetatik abiatuta, berrogei bat urte geroago. Liburu horretatik edaten du filmak eta, horrek eraginda, protagonistaren off-eko ahotsak ematen du haren sentimendu intimoen berri, iragana narratzailearen ikuspegitik berrikusiz.

Mélanie Thierry, Marguerite Duras-en paperean.

Liburuari horixe leporatu zioten bere garaian, Durasek gertakariak bere modura berregin zituela alegia, eta ikerlariek kontrastean jarri izan dituzte 40ko hamarkadako kaieretan idatzi zituen gauzak gero argitaratu zuenarekin. Pertsonalki, salaketa absurdo xamarra iruditzen zait: oroitzea, beti da fikzionatzea.
Nolanahi, eta gaur tokatzen denari dagokionez, ahots “literario” hori irudiekin egoki konbinatu du Finkielek eta pelikularen mekanikak funtzionatzen du kasik erditik zatitzen duen bi parteetan.
Lehenengoan erresistentzia-momentua erakusten zaigu, atmosfera itogarri bat non Duras-en pertsonaiak –Mélanie Thierry– eutsi egiten dien ofizial nazi batek egiten dizkion eskaintzei. Senarra preso du idazleak eta, okupazio indarretako kideak, lagunduko diola esanez, harreman anbiguo samarra izango du berarekin. Bigarren zatia itxaronaldiak hartzen du ia osorik, alemanak kanporatu ondoren Durasek senarra bizirik dagoen ala ez jakin nahian, esperoan pasako duen denbora.
Zati hori da filmeko punturik delikatuena: II. Mundu Gerrari buruzko film asko ikusiko genituen denok, baina atzeguardiako ezinegonean fokua jartzea, niri behintzat, bereziki interesgarria egin zait, protagonistak dauzkan sentimendu kontraesankorrak –senarra itzultzea nahi du ala hilda egon dadila, aske izateko?– sotilki aurkezten dira La douleur-en. Baita erresistentziako kide batekin –Benjamin Biolay musikariak antzeztua, portzierto– daukan harremana ere. Erretratu oso gizatiarra da, egoerarik zailenetatik pasa ondoren ere, bere bidea egiten jakin zuen XX. mendeko idazle frantziar garrantzitsuenetako batena.
Grazia egiten du Justiziak?
Instrukzio-epaile eszentriko bat du protagonista Ni juge ni soumise film belgikarrak. Jean Libon eta Yves Hinant zuzendarien filmaz esan behar den lehenbiziko gauza da, aktore nagusi guztiak beren burua jokatzen ari direla hemen: “Ez da zinema: are okerragoa da!”, zioten prentsari eskainitako sinopsian.
Epaile ezohiko bat du protagonista ‘Ni juge ni soumise’ filmak.

Bere bulegotik pasatzen diren auzipetuekin dauzkan elkarrizketek ardazten dute pelikula eta sketch sorta bat izango litzateke, film osoa zeharkatzen duen kasu baten ikerketak puskak josiko ez balitu. Pertsonaian oinarritutako lana da beraz eta, eguerdiko prentsako emanaldian entzun diren algarei kasu eginez gero, epailearen ateraldiek grazia egiten dute.
Sentitzen dut iritzi berekoa ez izatea. Ez dut inoiz instrukzio-epaile baten aurrean egoteko zorte txarrik eduki, baina filma ikusten ari nintzela, txiste tartean kondenatzen zituen pertsonen larruan jartzea bururatu zait, eta bando horretatik begiratuta, gauzak gogo handirik ematen ez du barre egiteko.
Funtsean, Ni juge ni soumise-k erakusten digu boterea daukan eta batere konplexurik gabe erabiltzen duen pertsonaia bat. Anne Gruwez estatu bat bezalakoa da, baina sarkasmoarekin: ez du lagunik, ez du koplarik, ez du gupidarik. Eta bere eskuetan erortzen den jendea beti da klase apalekoa. Batzuetan, nabarmenki dira errudun. Baina hori hala izanda ere, epailearen agintekeriak grazia egingo die, nire ustez, inoiz horrelako norbaiten aurrean erortzeko zorte txarra izango ez dutela argi daukaten pertsonei.
“Aho bilorik gabe eta zuzentasun politikorik gabe”: hori ere irakurtzen da sinopsian: boterearen larderia justifikatzen duen alt-right estiloko diskurtsoak badu lekua, beraz, Zinemaldian. Gero etorri Trump gaiztoa dela-eta kexaka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA