Sosak agortuta eta instituzioekin adostasunik gabe, Miarritzeko BIG Festivalek agur esan du

Gorka Bereziartua
0

2009tik antolatu dute BIG Festival jaialdia Miarritzen. Aurten ez da egingo.
2009tik antolatu dute BIG Festival jaialdia Miarritzen. Aurten ez da egingo.

BIG Festival musika jaialdiak ez du 2017ko ediziorik izango astelehenean jakin denez. Azken zazpi urteetan Miarritzen antolatu dute, eta Lapurdiko udalerriko herriko etxetik dator notizia: festibalaren defizita eta antolatzaileen “gehiegizko eskaerak” dira jaialdia etetearen arrazoiak.

Zurrumurrua bazebilen, Miarritzeko jaialdia isilik zegoelako eta, bitartean, inguruko beste jaialdi handi guztiak uda honetarako kartelburuak iragartzen.
Iazko edizioko zenbait izarrek kobratu zutenak esplikatzen du asteleheneko berriaren lehenbiziko partea. Pharrell Williamsek bakarrik 250.000 euro poltsikoratu zituen eta pentsatzekoa da gainontzeko izarren tarifek ere izango zutela zerikusirik defizita sortzearekin, sarreren prezio altuak gorabehera –begiratu hemen iazko abonamenduen prezioak–.
Bigarren partea instituzioen eta antolatzaileen arteko elkarrizketek ekarri dute. Iazkoaren ondoren bi aldeak elkartu dira, baina ez dute lortu adostasunik; eta iturri publikoa ixten denean, mota honetako ebento kultural-espektakularrek bide laburra izaten dute.
Lapurdirekin konexiorik ez
Nazioarteko artista ezagunak etorriak ziren Euskal Herrira BIG Festivalen eskutik: aipatutako Williamsez gain, The Chemichal Brothers, The Libertines eta Prodigy 2016ko edizioan bakarrik –zerbait idatzi genuen artistak aukeratzean hartutako zero arriskuez–.
Titularretatik aparte ordea, Lapurdiko errealitatetik urrun ibili dira antolatzaileak: Seb Farran manager frantziarrak gidatu du jaialdia eta ez du sinergiarik bilatu inguruko beste jaialdiekin, EHZ adibidez, Ramuntxo Garbisuk Eklektika webgunean azpimarratu duenez.
Kazetari horren arabera, “festibalak ez du bere lekua aurkitu euskal kostaldean, batetik hasierako jarrera harroegiagatik, eta bestetik, inguruko herritarrek errefusatu dutelako, ez baitute kontsideratu BIG haiena zenik”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA