Oihaneko legea

Gorka Bereziartua
0

18 urteko gazte bat da protagonista 'Jesús' filmean.
18 urteko gazte bat da protagonista ‘Jesús’ filmean.

Fernando Guzzoniren Jesús filmeko gauza deigarriena pelikulatik kanpo gertatu da: ikusle askok eguerdiko pasean aretoa utzi dute, indarkeria-eszena luze baten ondoren.
Gainontzean, mutil gazte problematiko baten ibilerak kontatzen dituen koprodukzio franko-txiletar-alemaniar-greziar-kolonbiar honek ez du mezu handirik ematen. Dantza egiteaz aparte, lagunekin mozkorkerian aritzea atsegin du Jesúsek eta ia etxetik pasatzen ez den aitarekin bizi da. Zenbait adiskiderekin arazo batean sartzen denean ikusiko dugu filmaren korapiloa zein den.
Ez da asmo oso handiko filma eta istorioa txukun kontatzea lortzen du, nahiz eta kritikatzen ahal zaion zerbait gehiago adierazten saiatu zitekeela pelikulak erakutsi bai, baina garatzen ez dituen hariei tiraka.
Aita-semeen arteko harremana, adibidez: filmeko gertakari zentrala den jipoiaren ondoren elkarrengana hurbilduko dira, baina inpresioa ematen du minuturik gabe geratu direla erlazio hori hobeto lantzeko. Eta batez ere, protagonistaren anbiguotasun sexuala: eszena nahiko esplizituetan ikusten dugu neska batekin eta mutil batekin harremanak izaten; hasieratik dakigu aitak joera homofoboak izan ditzakeela –protagonistaren lagun bati “arraroa” irizten dio azkazalak margotzeagatik–; baina material horiek hain modu sotilean erabili dira, deus gutxi esaten duen film bat egiteko arriskua hartu duela zuzendariak.
Izan ere, ukitzen dituen gaien artean, Jesús hau bukatuta geratzen dena ideia nagusia zera da: bazterketa sozialetik hurbil dauden pertsonen bizimodua gogorra eta irtenbiderik gabea dela. Oihaneko legea esplikatzera mugatzen da, hobe dela ehiztaria izatea, harrapakina baino; eta hori nahiko kontu ezaguna da, ez?
SAIL OFIZIALA
Jesús
Zuzendaria: Fernando Guzzoni
Aktoreak: Nicolás Durán, Alejandro Goïc
Frantzia-Txile-Alemania-Grezia-Kolonbia
87 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA