Gure aukeren gainetik ahalduntzea

Gorka Bereziartua
0

Florence Pugh da XIX. mendean girotutako film honetako protagonista.
Florence Pugh da XIX. mendean girotutako film honetako protagonista.

Lady McBeth filmaren titulua ikusita batek baino gehiagoko pentsatuko zuen Shakespeareren obra baten egokitzapena aurkeztu dutela Sail Ofizialean baina ez da hala: William Oldroyd zuzendariak Nikolai Leskov idazle errusiarraren nobela laburra hartu du oinarri XIX. Mendeko Ingalaterran girotutako lan honetarako.
Ezkondu berri da Katherine eta senarrarekin lehen aldiz oheratu behar duen momentutik ikusiko dugu tipoa ergel hutsa dela. Desgraziak binaka etortzen direla esaten dutenez, senarra bezain jasangaitza suertatuko da haren aita ere. Eta haien konpainia ez gustatzea bale, baina gertatzen da bi gizonek mendean, ia etxetik atera gabe nahi duela emakume gaztea. Ez dakite norekin sartu diren.
Pertsonaia nahiko arketipikoak aurkezten zaizkigu hasieran: emaztea maite ez duen gizon hotza; haren aita, ipurdia beti itxiegi daukan patriarka bat; eta askatasun bila etxeko morroi batekin oheratzen hasiko den emakumea.
Eite klasikoko filma, The falling filmarekin 2014an ezagun egin zen Florence Pugh aktorearen lana nabarmentzen da, film osoan modu nahiko hieratikoan ikusiko dugun arren, ñabarduraz bete baitu askatasuna baino, azkenerako boterea bilatzen duen neska ez-hain-inozentearen rola.
Irakurketa politikoagoetarako aukera ere ematen du alde horretatik: Katherine emakume ahaldundutzat jo dezakegu, baina botereari eusteko etikaren mugak zeharkatzeko prest agertuko da. Milaka filmetan ikusi ditugu gizonak Lady McBethen ikusi ditugunak baino gauza okerragoak egiten. Baina film honetako rolak aldatuko balira Katherinen lekuan gizon bat jarriz, ba ote legoke kontatzeko pelikularik?
SAIL OFIZIALA
Lady McBeth
Zuzendaria: William Oldroyd

Aktoreak: Florence Pugh, Cosmo Jarvis, Paul Hilton, Naomi Ackie, Christopher Fairbank
Erresuma Batua
89 minutu

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA