Carmen Albak terrorismoaren apologiatzat jo dezakeen kanta bat

Gorka Bereziartua
0

Joseba Irazokik 2007an publikatu zuen Pobre gara diskoa. Lan horretako bederatzigarren kanta da Bidasoan, Mikel Tabernaren hitzekin osatutako travelling moduko bat. Letra garratz eta samurra du, bailararen historian paseatu diren fusilak eta fusilatuak, odol erreketan zintzamariek hartutako mozkorraldia; baina baita neska-muttikoak putzuan bainatzen ere, basa-sagarra loretan; bizitzak gain hartzen dio heriotzari abestia bukatzen denean, Irazokiren musikak letra bikain laguntzen du efektu hori sortzeko.

Eszena bat imaginatu dut gaur goizean: Carmen Alba bere bulegoan aginduak sinatzen ari da burdinazko lumarekin, Spotify random moduan jarrita.
Bai, ez begiratu horrela: zuzenbidea ikasten asmatu zuten eta gazte-gazterik karrera politikoan sartu ziren koronelen alabek ere batzuetan musika behar dute, batzuetan aspertu egiten dira, batzuetan zahartzen ari direla sentitzen dute; batzuetan gogora ekarri nahi dituzte akaso nahikoa probestu ez zuten gazte garaian entzuten zituzten doinuak.
Algoritmo informatiko baten kapritxoak probokatu du Mikel Erentxunen kanta baten segidan Irazokiren pieza honek saltatzea. Eta Albak, dagoeneko gaiztaginen hizkera pixka bat ezagutzen duenez, ondo ulertu du ondoko esaldia:

Izokinak saltoka Endarlatsan, torturatuen gorpu puztuen gainean…

Kantak ez du esaten norena den abestiaren erdian flotatzen agertu den gorpu hori. Eta hala ere, Carmen Albak ederki daki. Hurrengo kantara pasatzeko agindu dio Spotifyri. Gero, burdinazko luma hartuz “Aoiz” irakur daitekeen dokumentu bat irakurtzen hasi da. Berak ondo daki, bai, baina hala ere.
Edo zehatzago: berak ondo daki, bai, eta horregatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA