Patrick Modiano irakurtzen hasteko bost gako, Pello Lizarralderen eskutik

Gorka Bereziartua
0

Pello Lizarraldek itzuli zuen Modianoren 'Udaberri alua' 2008an.
Pello Lizarraldek itzuli zuen Modianoren ‘Udaberri alua’ 2008an (argazkia: Erein).

2014ko Nobel Saria Patrick Modianorentzat izango dela jakin eta biharamunean, haren obretako bat, Udaberri alua, frantsesetik euskarara itzuli duen Pello Lizarralderekin hitz egin du Natxo Velezek EITBren webgunean (euskaraz dagoen beste liburua Villa triste da eta Joseba Urteagak egin zuen itzulpena).
Beste ezertan segi aurretik, eta Udaberri alua irakurrita eduki gabe, apustu bat: kafe bat baietz euskarazko itzulpena gaztelaniazkoa baino hobea izan. Ez zuten ba Chien de primtemps talkual, Perro de primavera itzuli?
Elkarrizketa osorik irakurtzekoa da. Ni bezala Modianoren deus leitu gabea bazara, agian Lizarraldek segidan esan dituen bost kontu hauek irudituko zaizkizu interesgarrienak, frantziarraren obrara hurbilduta zer aurkituko duzun deskribatzen duelako.
1) “Modianoren lana ez da egun oso arrakastatsua den literatura horren mugetan sartzen; ez da ezein generotan sartzen, ez da thriller-a, ez da umorezko literatura… inondik ere. Hartara, emozioak, abenturak eta beste nahi dituena alferrik ari da Modianorekin”.
2) “Obsesio jakin batzuk ditu Patrick Modianok, eta etengabe agertzen dira bere obran. Esango nuke liburu bakarra idatzi duela bere bizitzan eta haren bariazioak argitaratu direla”.
3) “Nire iritziz, bere lanaren muina ez da okupazioa, egunotan esan izan den bezala. Nik uste Paris, esaterako, protagonista bilakatu duela. Labirinto bihurtuta aurkezten du hiria, eta gehienetan kanpotik Pariseko auzoetara etorritakoak hartzen ditu hizpide: latinoak… Eta euskal abizenik ere agertzen da bere lanetan (Salaberri…)”.
4) “Lehen pertsonan hitz egiten duen protagonista bat egoten da, desagertutako pertsonen, iraganeko arrastoen, bila ari dena askotan. Gehienetan, baina, ez ditu aurkitzen”.
5) “Tonuari dagokionez, intimoa izaten da, apaletik idazten du Modianok, handikeriarik gabe. Esaldi xalo eta argiak erabiltzen ditu, hizkera argi, gozo eta malenkoniatsua harilkatzeko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA