Pablo Berasteguik ez daki euskaraz, but who cares?

Gorka Bereziartua
3

Aurkeztu dute Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendari orokorra (ikus behean txertatutako EITBko bideoan postua hartu berritan egin dituen lehen hitzak) eta mundu guztiak sinetsi duenean hiriburu kulturalaren kontuekin lasaitasun pixka bat izango genuela, datu inportante bat hasi da zabaltzen sare sozialetan.

Joseba Alvarezek adierazi duenez, Berasteguik ez daki euskaraz.

Albisteak hainbat twitterlariren erantzuna ekarri du.

 

 

 
Beraz, badugu istilua berriz: gaiaren larritasuna ikusirik, orain arte 2016ari markajea egiten aritu diren interes taldeek eta hedabideek lepora salto egingo diote Fundazioaren Patronatuari. Seguru.
Pentsatzekoa da, bere garaian Itziar Nogerasek ingelesez ez zekiela gorriz azpimarratu zuten gisa berean hasiko direla espantuka gure euskara maiteak ez duelako bonberoen egoitza zaharreko master and commander berriaren mingainik probatuko.
Edo akaso ez. Akaso inporta duena ingelesez jakitea da eta who cares Berasteguiren gaitasun linguistiko faltaz. Lauzpabost euskaltzaleri –fucking basque talibans– baino ez zaie irudituko, demagun, blog batean lerro batzuk alferrik botatzeko moduko gaia.
Erreakzioak (azken eguneraketa, 2014-IX-9, 21:03):
Sortu alderdiko bozeramaile Hasier Arraizek “akats” gisa definitu du Berasteguik euskaraz ez jakitea. Ikusi Radio Euskadin egin dioten elkarrizketaren pasartea.
Gaiaz galdetu diote Berasteguiri berari eta El Mundok jaso duenez, zuzendari berriak adierazi du “eskuzabalak eta irekiak” izan behar dugula “Euskadi naturaltasunez Europan egon dadin”.
Donostiako Udalak El Diario Vascori adierazi dionez, euskarak 2016ko proiektuaren ardatz izaten segiko du. Udalak gogora ekarri du kultur hiriburuaren bulegoan langile guztiek dakitela euskaraz, aholkulariren batek salbu.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA