Inori ez zaio inporta, ez duzu inor ordezkatzen

Gorka Bereziartua
0

Kevin Spaceyk ez du inor ordezkatzen. Baina berak badaki.
Kevin Spaceyk ez du inor ordezkatzen. Baina berak badaki.

Kevin Spacey aktoreari elkarrizketa egin zioten duela egun batzuk El País egunkarian eta politikari buruzko bere ikuspuntuez galdezka hasi zitzaizkionean haserre xamar erantzun zuen.
Galdera: Baina, aldatu al da nolabait zure ikuspuntua politi… [Spaceyk galdera eten du]?
Erantzuna: Uste dut nire politikari buruzko ikuspuntua aspergarria dela izorramenduraino, eta inori ez zaiola kaka zahar bat axola zer pentsatzen duen aktore batek politikaz.
Ex abruptoa irakurri ondoren Espainiako zinemaren sariekin akordatu nintzen: ohikoa bihurtu da Goya sariak jasotzen dituzten artistek PPren gobernuaren aurkako mezuak ematea golardoa eskuan –PSOEren kontrakorik ez dut gogoan, bide batez–.
Eta ez naiz ni izango edozein diziplinetako artisten konpromiso politikoaren kontra agertuko dena, baina gauza bat da afera publikoei buruzko iritziak edukitzea eta beste bat iritzi horien bidez herritar haserretuaren bozeramaile zarela sentitzea. Aktore espainiarren kasuan, maiz bigarren horren aurrean gaudela sentitzen dut.
Ez da haien problema bakarrik, nola izango da ba, non eta Euskal Herrian also known as Atxikimendulandia. X kausaren alde “kultur munduko” jende gehien mobilizatu duen nazioa gara eta ez dauzkagu soberan Spaceyren hitzak noizbait halako autograforen bat bota dugunok –artista estatusa hemen merke dagoen seinale, kazetariak ere onartzen baitira kultureta klubean–.
Alderdi politikoei zuzendu zien M15ak “no nos representan” lema, bereziki PPri eta PSOEri. Ez ote genukeen gehixeagotan gogora ekarri behar, alderdi horien banpirismo berarekin komunitate oso baten bandera geureganatzeko tentazioa nagusitzen zaigunean…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA