Dock of The Bay jaialdiak ere crowdfunding egingo du, ze guai

Gorka Bereziartua
4

 
Musikari buruzko dokumentalak proiektatzen dira Donostiako Dock of The Bay jaialdian eta datorren urtekoa zortzigarren edizioa izango du. Inoiz ez du erraz eduki, bere burua finantzatzeko sos-emaile pribatuen laguntza izan duelako; orain kremailera jarri diote poltsikoari eta hurrengo edizioa antolatzeko herritarren laguntza eskatu dute –txanpon batzuk kausa noble honi laguntzeko erabili nahi badituzu, hemen daukazu aukera–.
Ohitzen ari gara horrelakoetara eta ez dut uste ona denik. Esplikatu nadin. Ez daukat problemarik Dock of The Bayri laguntzeko, interesatzen zaizkidan beste hainbat mugida laguntzeko poltsikoetan hazka egiteko beldurrik ez daukadan legez. Gertatzen da, apur bat susmagarria bihurtzen ari dela crowdfundinga eskuz, oinez eta belarriz jasotzen ari den txalo zarta orokorra.
Joan den astean atera zen finantzazio kolektiboaren gaia Donostiako Kortxoenea gaztetxean antolatutako Zinemaldi Alternatiboan, Fundación Roboren dokumentalaren ondorengo mahai-inguruan. Anari, Leire Lopez Ziluaga, Jokin Azpiazu eta Giorgio Bassmatti aritu ziren berbetan autoedizioaz eta, horrelakoetan gertatzen den moduan, beste zenbait gairi buruz ere hitz egin zuten, tartean crowdfundinga. Lopezek seinalatu zuen ez dela hitz egiten mota honetako ekimenen atzean dagoen dramaz: desinbertsio publikoa eta kultur arloan lan egiten duen jende askoren prekarietatea.
Egoera ekonomikoa primeran etortzen ari zaie politikari askori lehen ere gehiegi sustatzen ez zuten kulturaren esparrua jitoan uzteko eta uste dut crowdfundingaren aldeko diskurtsoa inbertsio publikoen lema herritarrei pasa dietela esateko balia dezaketela. Emaitza, botiken berrordainketaren antzeko zerbait kulturan: zergen bidez pagatzen duzuna, gehi zure kabuz finantzatu nahi/ahal duzuna.
Beraz, bai, lagundu ditzagun diru premian dauden ekimenak, baina goazen perspektiba edukitzera ere: erakundeei uzten badiegu euren betebeharrez ahazten, horrek epe ertain-luzera ekar ditzakeen ondorioak katastrofikoak izan litezke.

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA