Sail Ofizialetik a priori interesatzen zaizkidan bost film

Gorka Bereziartua
0

2013ko Zinemaldiko afixa.
2013ko Zinemaldiko afixa.

Zaila da edozein film ikusi aurretik gustatuko ote zaizun edo ez aurreikustea baina zeure buruarekin gezurretan ariko zinateke pantaila aurrean esertzen zarenean aurrejuzkurik gabe egiten duzula esango bazenu.
Ustekabean gustatuko zaizkizu pelikula batzuk nahiz eta planteamendua, zuzendaria, aktoreak ikusita asperramorrante, errepikakor, inozotzat jo zenituen; eta aldiz erabat dezepzionatuko zaituzte Zinemaldia hasi aurretik pelikuloi usaina zeukatenek.
Beraz, ez hartu oso serio ondorengo zerrenda: egin duenaren aurreiritziak erakusteko balio du batez ere; eta aurreiritziak, badakizu, puruak eta puzkerrak bezala, bakoitzak berea eta besteenek kiratsa.

enemy
‘Enemy’-k doblearen topikoa dakar Sail Ofizialera.

Enemy (Denis Villeneuve)
Jose Saramagoren O homem duplicado nobelan oinarritutako film honek doppelgängerraren tematika maiz erabilia dakar Zinemaldira. Adam irakasleak bizitza monotonoa darama, baina, halako batean, Anthony ezagutuko du; fisikoki bera bezalakoa den erdipurdiko aktorea. Jake Gyllenhaal (Donnie Darko, Zodiac) da aktore nagusia.
 
'Le week end', Roger Michellek zuzendua, Hanif Kureishiren gidoiarekin.
‘Le week end’, Roger Michellek zuzendua, Hanif Kureishiren gidoiarekin.

Le week-end (Roger Michell)
Zuzendariaren izena ezaguna egiten ez bazaizu, datu batzuk: teatro ikasketak bukatu eta berehala zuzendari-laguntzaile aritu zen Samuel Beckett izeneko tipo batekin; filmografiari dagokionez, txarteldegiak lehertu zituen Notting Hill aipa liteke. Zinemaldira Hanif Kureishik idatzitako gidoi batekin dator. Gehiago? Protagonista Jeff Goldblum da. Horiek ikusirik, ez esan itxura ona ez daukanik.
 
Gizon hau Frantziako Atzerri ministroa da. 'Quai d'Orsay' berriz, satira politiko bat.
Gizon hau Frantziako Atzerri ministroa da. ‘Quai d’Orsay’ berriz, satira politiko bat.

Quai d’Orsay (Bertrand Tavernier)
Christophe Blain eta Abel Lanzac-en komiki ezegunean oinarritu da Bertrand Tavernier zuzendari nekaezina. “Satira politiko” gisa aurkeztu dute Frantziako Atzerri ministroaren gorabeherak kontatzen dituen filma. Thierry Lhermittek, 4×4 aktore horietako batek, jokatzen du pertsonaia.
 
Herri txiki bat, hilketa eta misterioa: 'Devil's knot'
Herri txiki bat, hilketa eta misterioa: ‘Devil’s knot’

Devil’s knot (Atom Egoyan)
Hemen aurreiritzien kontra egiteko saiakera. Atom Egoyanen azken filma, Chloe, duela lau urte estreinatu zen Zinemaldian eta bai-baina-ez utzi ninduen. Dena den, kontuan hartzeko moduko zuzendaria iruditzen zait. Ea nola moldatzen diren Reese Whiterspoon eta Colin Firth (zeina, bide batez, Sail Ofizialean estreinatuko den The Railway Manen ere agertzen den), herri txiki batean girotutako misterio-film honetan.
 
Bosniako gerrako zauriak dira Jasmina Zbanic-en filmeko ardatza.
Bosniako gerrako zauriak dira Jasmina Zbanic-en filmeko ardatza.

For those who can tell no tales (Jasmila Zbanic)
Oso segurola aritu naiz aurreko lau filmekin zahartzen ari naizelako ezagutzen ez ditudan zuzendariei buruzko aurreiritzirik ez daukadalako. Zbanic-ek zuzendutako filmik ere ez dut ikusi, baina Bosniako gudaren ebakiondoetan miatzen duen lan honen aldeko apustua egingo dut. Espainiako eskuin muturra nola dabilen ikusita, gure inguruak balkanizatzeko kezkak eragin du hautuan beharbada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA