Zein eragozpen dago euskarazko itzulpenak irakurtzeko?

Gorka Bereziartua
4

Etxeberria, Ayerbe, Olarra eta Zaldua atzoko mahai-inguruan.

“Euskaratutako literaturaren harreraz zenbait gogoeta” izenburupean bildu ziren atzo Isabel Etxeberriak gidatutako mahaira Mikel Ayerbe, Xabier Olarra eta Iban Zaldua, EHUren Udako Ikastaroetan.
Horrelakoetan gertatu ohi denez, gaiak ugari eta denbora urri denei behar besteko arreta eskaintzeko; gehitu horri, kronikagile despistatua berandu xamar iritsi zela eta ulertuko duzue jarraian datorren desastrea. Koherentzia apur bat eman nahian, gaika sailkatu ditut aipatu zituzten kontuak.
Midcult eta best seller artean
Zaldua ari zen sartu nintzenean, literatura midcultaren fenomenoaz –Oharrak & Hondarrak blogean ere berriki idatzia du gaiari buruzko pieza bat, jatorrizkoei buruz–. Gaur egun itzultzen denetik %35-40 sailka liteke “goi literatura” gisa bere esanetan, gainontzekoak maila ertaineko irakurlearentzat pentsatutako obrak dira.
Horien artean nobelaren “inperialismoa” seinalatu zuen; faltan botatzen du itzulitako poesia gehiago –Susak badauka egitasmo bat martxan horri irtenbidea emateko, aipatu zuenez–, baita saio literarioak, zientzia fikzioa, komikia eta best seller-ak ere (“nahiz eta nik ez dudan horietako gehiago itzultzeko eskatuko, ez baita ongi gelditzen”).
Mikel Ayerbek azken horri heldu eta fenomenoarekin asmatzea zein inportantea den azpimarratu zuen. Gazte literaturako bi adibide: Cornelia Funkeren Tinta bihotz, trilogia bateko lehenengoa, arrakastarik eduki ez zuenez beste bi liburuak itzuli gabe geratu zena. Ifrentzua, Suzanne Collinsen Gose jokoak trilogia, arrakastatsu bihurtu aurretik euskaratua, bigarren eta hirugarren liburuak ere euskaraz daude irakurgai eta hartara, fenomenoa fenomeno da euskaraz ere.
Olarrak segidan, zaila dela jakitea zerk funtzionatuko duen eta zerk ez, eta muturreko batzuk hartzeak eraman dituela editorialak pausoak gehiago neurtzera.
Diglosia, beti diglosia
Mahaikideen iritziak entzunda begibistakoa da itzulpen askok espero baino irakurle gutxiago izaten dutela. Horren kausen bila, entzuleen artetik Juan Garziak diglosia aipatu zuen eta hori kontuan hartu gabe, beste literatur sistemetatik egindako edozein estrapolazio herren geratzen dela nabarmendu.
Inguruko erdaren dentsitatea hainbestekoa da, Zalduaren ustez, irakurtzeko “automatizazioa” askoz bizkorragoa dela espainolez edo frantsesez euskaraz baino. Gehitu horri adin batetik aurrerakoek (belaunaldikideak aipatu zituen), erdarazko hezkuntza jaso izana handicap handia dela.
Baina gauzak zer diren: gazteagoei, euskaraz ikasi dutenei, itzulpenak errazago irakurri arren, zailago egiten zaie literatura garaia leitzea Zalduak dioenez; ohituagoak daude maila ertaineko literaturara.
Bitartekari nagiak
Ayerbek garrantzia eman zien itzultzailearen eta irakurlearen artean zubi lana egin behar duten agenteei. Gurasoak, irakasleak, kritika… betetzen ote dute euren zeregina?
Juan Garziak publikotik hitza hartu zuen ostera: “Zenbat irakasle ezagutzen dituzue euskarazko liburuak irakurtzen dituztenak?”. Umeek heltzean erdarara pasatzeko duten joera esplikatzeko bitartekari horien portaera faktore garrantzitsutzat jo zuen. Helduak euskaraz irakurtzen ikusten ez badituzte, beraiek ere heldu izaten hasten direnean ez dute egingo “tontoak ez direlako”.
Problema ez dago behintzat euskarazko itzulpenen kalitatean, mahaikideak ados daude, eta kronikagilea ere bai. Askotan hori “baina” gisa erabili izan denez, Garziak itzultzailearen ezinbesteko betebeharra zedarritu zuen: “Ahalik eta itzulpenik onenak egitea, aitzakia parte hori kentzeko”.
Optimismo apur bat
Duela 20 urteko Senez aldizkari batean Anjel Lertxundik idatzitako artikulua eskuan, Xabier Olarrak optimismo ukitua eman zion solasaldiaren bukaerari. Lertxundik esperantza agertzen zuen, itzulpenekin zeuden arazo asko konponduko zirela hurrengo urteetan eta, nahiz eta mahai-inguruak erakutsi zuen euskal literaturaren buruak lehengo lepotik segitzen duela, pauso batzuk eman dira. “Lertxundik Hamlet euskaraz ezin zuela irakurri esaten zuen eta problema horri hamar urte geroago irtenbidea eman zitzaion”.
Pixkanaka ari dela bidea egiten. Eta esango nuke azkenaldian ez direla itzulitako obrak bakarrik hizketan ari, itzultzaileen ingurutik sortu baitira euskal literaturako eztabaida mamitsuenetako batzuk, bota begiratua bestela 31 Eskutik edo Elearazi blogek daukaten martxari.
Jauzia falta. Beste mahai inguru baterako emango luke gaiak, baina solasaldia bukatzean entzuleetako batek aipatzen zuen Herrialde Katalanetan hamar urtean eman zitzaiola buelta egoerari: gaur egun espainolezko itzulpenekin konpetitzeko moduan dira han. Testuinguru oso diferentean, ados; eta han ere oro ez da izango urre; baina ez legoke gaizki nola arraio lortu duten aztertzea.

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA