Arrakastak ez duela ezer balio? Chi Cheng komatik esnatu da

Gorka Bereziartua
2

Chi Cheng, Deftones taldeko baxu jotzailea

Deftones taldearen metal deprea inoiz entzundakoa bazara –batzuk White Pony grabatua zeukan kasetea ia gastatu genuen garai batean–, igual ezaguna egingo zaizu Chi Cheng izena, baxua astintzen zuen talde hartan-eta. Zuen: 2008ko azaroan arrebarekin autoan zihoala istripua eduki, segurtasun uhalik ez, ozta-ozta atera zen bizirik. Koman zegoen geroztik eta hiru urte asko dira arbola baino gehiago mugitu ez, eta halere esperantzari eusteko. Joan den asteartean esnatu egin da ordea. “Mirakulua!” oihukatu daiteke eta kontuak horretan utzi; edo, ahapeka, “dirua” aipatu.
Urteotan medikutarako sos pila biltzen aritu dira familiako kideak eta lagunak kontzertuen bitartez eta webgune bat erabiliz. Nu-metalaren urrezko garaietako izar askok lagundu dute: Mike Shinoda (Linkin Park), Daron Malakian (System of a Down), Sonny Sandoval (P.O.D.)… Eta, banda horien urterik onenak pasa diren arren –saldutako disko kopuruari dagokionez bai behintzat; musikaz ezin esan, aspaldi samar pista galdu nien–, oraindik gai dira jendea kontzertuetara eramateko. Horri esker ordaindu ahal izan du familiak International Brain Research Foundationen tratamendu esperimental bat, emaitza oso onak ematen ari omen dena, baina ez dena, preseski, merkea.
Arrakastak prezioa daukala esan ohi da maiz. Ordainak ere baditu. Osasun publikorik ez dagoen herrialdeetan hil ala bizikoa izan daiteke –eta goazen martxan badirudi AEBen eredua azkar putan iritsiko dela auzoko anbulatoriora, beraz joan prestatzen–. Zera etorri zait burura albistea jakin eta berehala: esnatuko ote zen Chi Cheng Deftonesek White ponyren milioi bat kopia –eta beste disko askoren milaka– saldu izan ez balitu? Musikaren negozioak galdera beldurgarriak ditu.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA