Pussy Riot: Anonymous + punk feminista Errusian

Gorka Bereziartua
0

Pussy Riot taldea Moskuko Plaza Gorrian

Zortzi lagun aurpegiak kolorez estalita Kremlinaren aurrean abesti hardcoreta batekin Vladimir Putin egurtzen. Protesta hori egiteagatik atxilotu zituzten urtarrilaren 20an Pussy Riot taldeko zortzi kide Moskun. Anonymousen estiloa gustuko baduzu hau gehiago gustatuko zaizu: Anonymous da, gehi punk feminista; bonba bat, Plaza Gorrian bezain ondo lehertuko litzatekeena Ajuria Enean –esateko modu bat da, ez nuke nahi Rafael Bengoak noizbait ez-dakit-zer artxibo desagerrarazi izana leporatzea–.
Iazko irailean sortu zen Pussy Riot, Vladimir Putinek herrialdeko presidentzia berriz hartu nahi zuela jakinaraztean; emakumez osatua dago %100 eta ez dute nor diren esan nahi: “Edonor izan gaitezkeela erakusten du” azaldu diote The Guardian egunkariari. Plaza Gorrian egindako ekintzaren aurretik, abenduan ere zeresana eman zuten Errusiako hauteskundeen ondorengo protestetan Alexey Navalny kartzelan sartu zutenean: taldeko hiru partaide espetxeko eraikin baten teilatura igo ziren, modu aski deigarrian:

Bikini Kill taldearen eta Riot Grrrl mugimenduaren inspirazioa aipatu dute egin dieten elkarrizketaren batean: “Amankomunean daukagu lotsagabekeria, politikaz kargatutako hitzak, diskurtso feministaren garrantzia, estandarra ez den emakume-irudia…” azaldu dute; “diferentzia da Bikini Killek musika-aretoetan jotzen zuela eta guk baimenik gabeko kontzertuak ematen ditugula. Orokorrean, Riot Grrrl oso lotua zegoen Mendebaldeko instituzio kulturaletara eta horien parekorik ez dago Errusian”.
Plaza Gorriko ekintzarekin (behean irudiak) mundu osoko hedabideetara iritsi da taldea; ea zenbat denbora pasatzen den diskoetxe multinazional bateko “pentsalari” batek antzeko talde bat aurrefabrikatu baino lehen –edukiz hustuta eta probokatzen, baina pasa gabe, noski–.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA