PC11 (II): Perfekzioaren kontra

Beñat Sarasola
0
R. Stevie Moore (argazkia: Damià Bosch)

Bigarren jardunaldian hiru kontzertu ikusi genituen: Spectrals, Sleep Over eta R. Stevie Moore. Egun indartsuenen atarian, bigarren eguna lehenengoa baino eskasagoa atera zen, guk egindako ibilbidean behinik-behin.

Spectrals Louis Oliver Jones-ek gidatzen duen talde britainiar gaztea da —21 urte baino ez ditu Jonesek—. Arctic Monkeys-ekin konparatu izan dituzte inoiz; egia esan, Jonesen eta Alex Turner Arctic Monkeyseko kantariaren ahotsak aski antzekoak dira, baina Spectralsek egiten duen musika finagoa da. Punk eta rock azkarrera baino gehiago gerturatzen da popera eta melodia sotilagoetara. Barçaren kamiseta soinean agertu zen Jones eszenatokian, eta hasierako minutu apur bat urdurien ondoren emanaldi txukuna eskaini zuten. Abesti batzuk hobeto borobiltzea falta zitzaiela iruditu zitzaidan, baina gerokoak ikusita, eguneko proposamen interesgarrienetakoa izan zen.

Izan ere, Sleep Over-en emanaldia desilusionagarria izan zen. Ez nuen taldearen ezer entzuna aurretik, baina besteak beste Cocteau Twins taldearekin konparatzen zutenez, proposamen interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan. Sintetizadoreen soinuak gidaturik, gauza guztien erdibidean geratu ziren. Kafeinarik gabeko eta sakarinadun musika. Eta handinahia gainera. Gauzak horrela, beren emanaldia 30 minututara ez iristea albiste on bihurtu zen sumingarri bainoago. Hurrengo kontzertuaren esperoan kaña lasai bat hartzeko denbora uzten baitzigun behintzat.

Atzoko bi proposamen klasikoenak ordu berean ziren ia. Alde batetik The Pop Group post-punk talde britainiar historikoak jotzen zuen Apoloko areto nagusian, eta bestetik, R.Stevie Moorrek areto txikian. Bigarren alde egin genuen The Pop Group gaur ikusi ahal izango dugulako, ordu erdiz-edo —esango duzue hori ez dela kontzertu bat ikusteko modua; ba bai, arrazoi duzue—. Lo-fi-aren aita-pontetako bat dugu Moore jauna. Besteak beste, txurroen gisara grabatu ditu diskoak —“milaka disko argitaratu ditut” esan zuen atzo—, horietako asko CD-R edo kassette domestikoen bidez. Punkaren DIY (Do it yourself) filosofia muturrera eramaten duen musikaria. “Zoro bat taula gainean” pentsatzen ahal du Mooren erreferentziarik ez duen inork. Bizar urdin luze-luzearekin eta pijama jantzita, balizko perfekziotik eta sotiltasunetik urrunen dagoen musika egiten du Moorek. Nolabait esatearren, gaur egun Wilcok egiten duenaren antipodetan egongo litzateke Nashvilleko musikaria. Musika mota askoren arteko destilazioa egiten du, baina sarritan abestiak ongi bukatu gabe, ongi jo gabe, ongi kantatu gabe interpretatzen ditu, berariaz. Ustezko perfekzioaren kontra egiteko modu asko dago musikan. Inprobisazioa da moduetako bat —jazz interprete handienek egiten dutena, esaterako—, momentuko interpretazioaren magiak errepikapenaren perfekzioa gainditu dezakeelakoan. Beste bat, punkaren izpirituari jarraiki, perfekzioaren ideia garden eta garbia bortizki erasotzea litzateke, haren bizkar futitzea. Azken honetan kokatu daiteke R. Stevie Moore. Bere proposamena musika bera —musika soinu hutsera mugatzen badugu— gainditzen du; ikuskizun baita halaber, performance bat. Beste musikariak aipatuz —“Kate Bush sucks!”— edo edozeren gainean burla eginez. Mooren zenbait zale sutsu zapuzturik utzi zituen emanaldiak; neroni gustura egon nintzen, baina ez ninduen inolako momentuan benetan kolpekatu. Arrisku hori baitute proposamen hauek, amildegiaren ertzera eramaten ez bazaituzte, ezerezean geratzen direla kasik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA