Sinde

Gorka Bereziartua
0

Heil SSinde! Ministroari "ongi etorria" emateko manifestazioa iragartzen duen kartela

Angeles Gonzalez-Sinde: abizen konposatutik hartu zenion usain txarra, 2008an “Manifiesto por la Lengua Común” delakoaren sinatzaileen artean ikusi zenuenean. Ordurako bazebilen Espainiako Zinema Akademian zuzendari, aitaren urratsei segika. Gero, 2009an, Kultura Ministerioa eroriko zaio atzaparren artera eta lanpostu berria hartu baino lehen, milaka lagunek dimititu dezala eskatuko dute. Duela hogei urte erositako modem batek baino konexio txarragoa dauka herritarrekin, eta ez da Steven Seagalek ere izango lukeelako espresibiate handiagoa hizketan; ezta silaba bakoitzean blokeatuta geratzeko arriskua antzematen zaiolako ere (hain zuzen, duela hogei urtetik egunero erabili den ordenagailuari bezala). Interneteko elkartrukearen etsai izateagatik, sarearen zentsuratzaile eta industria kulturalaren interesen defendatzaile: horregatik ez du maite jendeak.
Aukeratu azken esaldi hori eta borratu.
Horregatik ez dugu maite.

Angeles Gonzalez-Sinde: Cosmopolitan aldizkariko erredaktore izandakoa, eta gidoilaria. La casa de los líos telesaila eta Mentiras y gordas pelikula kometitu izanaz (publikoki behintzat) inoiz damutu ez den berbera. Batzuon esperantzak ederki zapuztu dituen emakumea, kargu politikoa hartzean gidoilari eta zinemagile lanetarako neutralizatuta geratuko zela uste baikenuen eta badirudi ezetz, film bat zuzentzen ari dela ezkerreko eskuarekin, eskuinekoarekin Espainiaren etorkizun kulturalak gidatzen dituen bitartean. Ez dakit Sinderen bi jardueretako zein den kaltegarriagoa: erabaki politikoak oso gaizki hartu arren, beti bota daitezke atzera. Filmek aldiz, behin errodatuta, urtetan kutsatu ditzakete ikusleen garunak.
Zergatik kontatu dudan hau guztia? Ba, Sinde Donostian izango delako gaur Orfeoiaren entsegu bat ikusteko aitzakian, eta guri aitzakia ezinhobea eman digulako, purrustada hauek irratiz edo blogean botatzeaz gain, gertuxeagotik ere haren belarri ministerialera iristarazteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA