Prosa purpuraren kontra

Gorka Bereziartua
6

Itasoa goiko hau ere bada, gaur egun behintzat

Sortzaileak zerbait poetikoa idatzi nahi du, bizi dugun ilusioz beteriko garai hau ilustratzeko. Hasi da ordenagailuko teklak jotzen eta inspiratuta sentitzen da, leherketa txikiak sentitzen ditu hesteetan. Lerroak, bata bestearen atzetik, krispetak bezala ari zaizkio ateratzen. Gaur egun handia da, idazten ari denak jende asko hunkituko du, ziur. Hunkitu bakarrik? Mozkortu egingo da herria zuri gainean beltz paratzen ari den letra horiekin. Lortu du oreka, intimitatetik abiatuta sentimendu kolektiboak islatzea; oraina eta iragana geroarekin batzea; eta azkenean ulertu du zer esan nahi zuen Sarrionandiak, “mendea eta segundua gurutzatzen diren lekua” horrekin. Ez da beharrezkoa Laboaren, Benitoren, Maurizia Aldeiturriagaren diskorik jartzea, denak batera ditu kantari tip-top-tip-top artikulua errematatu duenerako.

Bukatu du beraz, azken errepasoa eman, amaieran punch pixka bat falta zaiola nabaritu eta William Wallace etorri zaio akordura. Argi dago: “la libertad” hitzekin bukatu behar da artikulua. Ez dago zaldi gainean, ez dauka ezpatarik, baina Ingelesen zalditeria izutzeko moduko indarrez sakatu ditu L-A-(espazioa)-L-I-B-E-R-T-A-D teklak. Titulua ere polit askoa du testuak: “Bildu y la teoría del mar”. Eta periodikora bidali duenean, argitaratu denean, jendeak irakurri duenean, arrakasta totala izan da. Bai: jende asko hunkitu da. Bai: eskuz esku ibili da. Bai: edizio digitaleko artikulua ehunka, milaka lagunek partekatu dute sare-sozialetan.
Horrela iritsi naiz ni ere Jon Maiak joan den ostiralean Garan idatzitako artikulura, nire Facebookeko 20 bat kontaktuk (saihestu egingo dugu “lagun” hitza erabiltzea, “Facebookeko lagun bat baino faltsuagoa izan” lokuzio aski zabaldua baita honezkero) gomendatu baitute. Baina artikulua leitu, eta esaten dituen gauza askorekin bat egin arren, formak huts egiten dit; are gehiago, nik ere teoria bat daukat, ez itsasoarena, esplikatzeko Maiak erabili dituen figura literarioak zergatik aukeratu dituen. Eta teoria da, “prosa purpura” dei geniezaiokeen estiloa nagusitzen hasi dela azkenaldian, 80ko hamarkadako ezkortasun punkaren kontrapuntu modura.
Zeri deitzen diodan prosa purpura: idatzitako hitz bakoitza 24 kilatekoa izatea bilatzen duen estiloari; denari zentzu sakona, transzendentala, are, milenarioa, ematen dion idazkerari; sentsazio guztiak muturrekoak, dramatikoak, hunkigarriak bihurtzen dituen hautu estetikoari. Eta prosa purpura idatzi ahal izateko, egoerak idealizatzea ezinbestekoa da, metaforak osatzeko erabiltzen dituzun materialetik hasita. Kasu honetan, itsasoa aukeratu du Maiak (Ken Zazpik ere bai, bidenabar, Itsasoa gara kantan, zeina lasai asko sar daitekeen genero berean). Eta itsasoa guztiak gara, baina itsasoa da zerbait, guztion batuketa baino handiagoa (oso aristotelikoa esaldia); eta itsasoa da “patu amankomun posible bakarra” (gogorarazi nahi dut artikulua ez dela Osama Bin Ladeni buruz ari); eta itsasoa da espazio infinitu bat, eta itsasoa da beti berdina eta beti berria, eta itsasoa da geldiezina, eta itsasoa da… Barka, baina itsasoa da, itsasoa bera baino handiago den topiko puska bat.
Askotan galdetu izan diot nire buruari zein izango ote zen pertsonak, metafora bat sortu nahian hasi zen lehenengo aldian, duela ehunka, milaka urte, aukeratu zuen motiboa. Apusturik ezin egin, frogatu ezin den gauza delako, baina lepoa jokatuko nuke itsasoa ez zebilela urruti.
Turistaz beteriko hondartza Benidormen

Zein da kontua orduan, itsasoarekin ezin dela metaforarik egin mende honetan? Ez, ez da hori ere, baina nik behintzat, irakurle naizen aldetik, eskertuko nuke itsasoaren “bestelako” aspektu batzuei erreparatzea. Itsasoa gaur egungo imajinariotik begiratzea, alegia. Eta hor sartzen dira: petrolio-ontzi hondoratuak, hiri handietako milaka biztanleren hondakin organikoak; eta ezkutuko gerra bat ere bai, geratzen diren azken arrainak nork eskuratuko; eta gaur egun itsasoan itotzen dira etorkinak; eta gaur egun itsasoa da turista alemaniar ezin gizenago bat flotatzen, bizkarra debekua baino gorriagoa eguzkiaren erredurengatik; eta konpresak, eta Marina D’Or Ciudad de Vacaciones, eta medusa erraldoiak udatiarrak izutzen, eta hondakin nuklearrak, eta baleak odolusten, eta nik dakita zer gehiago.
Hori guztia kontuan izanda ere itsasoarekin metafora bat egin daiteke, noski, baina nekez baieztatuko du inork itsaso “horrek” hartzen duen esanahiarekin bere burua identifikatzen duenik.
Espero dut hau guztia esan ondoren hobeto ulertuko dela Itsasoa gara ala “somos un mar” entzuten dudan bakoitzean sentitzen dudan desafekzioa. Ados, baietz, garai berriak datozela, esperantzaz beterik gaudela denok eta tar, tar, tar, tar. Baina nekez sortuko da zeitgeist horri ondo doakion erreferente kulturalik, prosa purpurarekin tematuta jarraitzen badugu.

6 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA