Twitter: denbora galtzea, arrakastaren giltza

Gorka Bereziartua
0

Lo dago, ala hilda?

Nicholas Negroponte Internet munduko guruak El País egunkari espainiarrari: “Ez dut uste Twitterrek asko iraungo duenik”. Zeresana eman dute hitz horiek, iragarle fina dela erakutsi baitzuen Negropontek  1995ean argitaratutako Being digital liburuan —besteak beste, pantaila ukigarriak eta tinta elektronikoa aurreikusi zituen—. Oraingoan arrazoirik ote duen, hori beste errota bateko ura da.
Denbora asko galtzen dela esanda iragarri baitu Negropontek Twitterren gainbehera. Mezu laburrak erraz igorri ahal izatea interesgarria iruditzen zaio, baina Facebook “askoz erabilgarriagoa” da berarentzat. Irakurlea harritu egiten da horrelako baieztapenak leituta, sare sozialen erabiltzaile den edonor jabetu baita Facebook ere oso tresna aproposa dela orduak alfer-alferrik xahutzeko. Twitterren baino aukera gehiagorekin, gainera: argazkiak, bideoak, taldeak, bat-bateko mezularitza… Horren aldean testuketa pixka bat baino ez du eskaintzen Twitterrek.
Baina demagun baietz, Twitterren erabiltzaileek denbora gehiago galtzen dutela gainontzeko Interneteko erabiltzaileek baino. Hemen proposatuko duguna da, horrek ez duela ezer porrotera eramaten Interneten, juxtu kontrakora baizik. Jean Baudrillard soziologo frantziarrak Kontsumo gizartea saiakeran azaldu zuen egoki: zibilizazio guztiek gorde dute beti zarrastelkeria kuota bat. Gehiegizko gastua, luxua, kontsumoan oinarritutako kapitalismoaren berezko ezaugarria da. Eta denbora da, beharbada, gizarte-eredu horren ondasun preziatuenetakoa: minutuek dirua balio dute eta alferrik galtzen ibiltzea, luxua da. Twitter, beraz, bizi dugun garaiaren luxuzko produktua da. Denek lortu nahi duten gutizia. Horrek ziurtatzen dio arrakasta.
Kafetegi inkonformista baten alde
Baina argitalpen honen irakurleak espero du bestelako zerbait. “Ez ziren ba ARGIAko kazetariak hain konformistak bihurtuko!” dio bere baitarako. Ez ba. Baina torlojua estutzen hasi aurretik aldizkari honetan publikatutako artikulu bat leitzeko proposatuko dugu. Nagore Irazustabarrenak 2.155. zenbakian argitaratutakoa, Iraultza kafeinatuak du izena eta esplikatzen du nola XVII. eta XVIII. mendeetako Europan kafetegiak hezkuntzarako, hausnarketarako, negoziotarako eta asaldura politikorako gune izan ziren. Tom Standage historialariak egin zuen konparazioa erabilgarria zaigu: “Kolektiboki, Europako kafetegiak Arrazoiaren Aroko Internet izan ziren”.
Baina Arrazoiaren Aroan hitz asperturako, denbora-pasarako eta nagikeriarako ere elkartuko ziren herritarrak kafetegietan. Kontua ez baita non. Norekin eta zertarako baizik. Eta (zalantza daukat paralelismoa esplikatu behar ote dudan baina) berdin gertatzen da sare-sozialetan. Twitterreko ateak denbora galdu alde zabaltzen dituenak entretenimendu faltarik ez du izango: geroz eta gehiago dira, Negropontek esanak esan, sare horretan txioka ari direnak. Baina kafetegi guztietan bezala, elkarrizketak askotarikoak dira. Fribolitate handiena entzuten den mahaiaren alboan dago eztabaida sakonena. Horregatik, bestelako asmoak dituenak ere derrigorrez hartu behar du noizbait kafea barra horretan. Besterik da, behin zerbait antolatzen hasita, erdiguneko modako lokalean barik, ez ote den hobe leku ezkutuago batera joatea, zer gerta ere.
[ARGIAren 2.253. zenbakian argitaratzekoa]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA