Gazako abenduaz zalantzarik geratzen bazen…

Gorka Bereziartua
0

Gazako bonbardaketan ateratako argazki bat
Gazako bonbardaketan ateratako argazki bat

Kontu jakina zen joan den urteko abenduan Israelgo armadak Gazan egin zuen sarraskian zibil asko hil zirela. Baina Shovrim Shtika GKE israeldarrak argitara eman berri dituen testigantzei esker, gaia berriro ere nazioarteko albisteen agendan sartu da. Eta argi geratu da, zalantzarik geratzen bazen behintzat, eraso hura zer izan zen: Israelgo hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia.
Esplika dezadan. Testigantzetan behin eta berriro errepikatu da honako ideia: soldaduek ez zuten arriskurik hartu behar; beraien osasuna zen garrantzitsuena. Zergatik? Israelgo soldadu bat hiltzen den bakoitzean, izugarrizko oihartzuna izaten duelako hango hedabideetan. Ez da publizitate ona hautatua izan nahi duen politikariarentzat.
Baina, hala ere, Gaza bonbardatzea interes handiko kontua zen otsaileko hauteskundeetako bi hautagairentzat; Tzipi Livni eta Ehud Barak-entzat, alegia (atzerri eta defentsa ministroak, hurrenez hurren, bonbardaketa hasi zenean). Hirugarren hautagaia Benjamin Netanyahu zen, Likud alderdikoa, eta hauteskunde aurreko inkestetan burua. Netanyahuren soslaia beste bi hautagaiena baino gogorragoa zen: besteak beste, 2005ean finantza ministro kargua utzi zuen, Israel Gazatik ateratzen hasi zenean. Beraz, Netanyahuri irabazteko, gogorkerian aritzea beste aukerarik ez zeukaten Livnik eta Barakek; are gehiago, kontuan izanda Hamas indartsu zegoela Gazan.
Hara hor, batere konturatu gabe, 1.400 palestinarrekin haragi xehatua egiteko osagaiak: zure soldaduak galtzeko beldurra, baina indarra erakutsi beharra. Arriskurik ez hartzeko aurrena tiro egin behar da, gero galdetu; zibilak giza-ezkutu lanetan jarri; inori mugitzen ez utzi… Testigantzak sarean daude, eta ez da asko gehitu behar.
Hauteskundeen emaitza? Netanyahu Lehen Ministro. Sarraskia hotz-hotzean hartuta ere, hau da, balorazio politiko soila eginda ere (baldin eta hori posible bada, behin irudiak ikusita), ez zuen ezertarako balio izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA