Benedetti porno

Gorka Bereziartua
0

mario_benedetti
Mario Benedetti (Arg.: Wikipedia)

Joan den astean hil zen, baina ez, ez nuen Mario Benedettiri buruz ezer idazteko asmorik, ez baitut inoiz haren poetikaren urmaelean nire burua islatua ikusi, esan nahi duena, beste modu batera, arruntago akaso eta lotsa pixka batekin, ez diodala ezer irakurri, eta behin hil dela jakinda, berandu  da Poesía completa horietako bat presaka hartu eta irensteko, ezta? Ez nuen Mario Benedettiri buruz idazteko asmorik, ez. Baina akordatu naiz joan den astean irakurri nuen zutabe batekin, eta pentsatu dut gaiak eman dezakeela post- baterako; baita, titularrari esker, spam iradokitzaile asko jasotzeko ere.

Harira: Borja Cobeagak zioen El Paísen, Antonio Vega musikariaren heriotzak pornografia emozionalez bete dituela blogak, sare sozialak, Interneteko bazterrak oro. Vegaren zaleek sufritzen ari direla adierazteko beharra sentitu dute: “Lehiaketa bat ematen zuen, nork negar gehiago egingo, nork gehiago sentituko haren heriotza”. Cobeagak dio, eta berarekin bat egingo nuke, ondo ikusita dagoela horrelako samin adierazpenak mundu guztiaren esku uztea, sentsibilitatearekin nahasten direlako. Eta orain inoiz baino errazago daukate porno emozionalaren ekoizleek, baliabide oso gutxirekin planeta zeharkatu dezaketelako.
Esango nuke pornografia emozionaletik gertu ibili ginela asko Mikel Laboa hil zenean. Gogoan dut Gorka Erostarbek sentsazio horren berri eman zuela Gramofonoan. Eta esango nuke, Mario Benedettiren heriotzarekin porno emozionalaren fenomenoak aurrenekoz literaturaren mundua ere ukitu duela. Ez zen horrelako erreakziorik izan beste idazle handi batzuk zendu zirenean (Norman Mailer edo John Updike ditut buruan, azken urteotan eztula isildu dutenetatik). Baina oraingoan pertsonaiak ematen zuen. Pertsonaiak idatzitako poesiak ere bai? Ez dakit. Dakidana da maiatzaren 17an blogetan izugarri ugaritu zela Benedettiren izena (ikus behean  Technoratitik hartu dugun grafikoa).

benedetti-technorati

Egindako omenaldi guztien artean aurkitu dudan kitsch-ena utzi nahi dizuet bukatzeko. Norbaitek ikertu beharko luke zein mekanismo pizten den gure garunetan, ezagutu ere egiten ez dugun norbait hil, eta inolako lotsarik gabe sareratzeko horrelako gauzak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA