Killing me softly with this… gun?

Gorka Bereziartua
0

sweetpad_5
France Cadet-en instalazioak bestelako zentzua eman dio Quake bideojokoari

Lagun batek “laztan bat jo” lokuzioa asmatu zuen duela urte batzuk, ez dizuet esango zein testuingurutan, bai ordea ez zela biktima humanorik egon. Kontua da berarekin akordatu naizela gaur, blogean idazteko zerbaiten bila France Cadet-en instalazio bat ikustean. Quake 3 Arena bideojokoa da instalazioaren ardatza: jakingo duzunez, jokoaren helburua tiroka parekoaren tripak lehertzea da. Baina, Negu Gorriaken kantak zioen bezala, “hiltzeko era ugari dago”… eta instalazioak modurik goxoena erakusten du.

Cadet-ek agintailuak aldatu ditu, sweetpad izeneko esfera erdiak jarri ohiko tresnen ordez; helburua: betiko moduan botoiak urduri, azkar eta gogor zapaltzen ibili beharrean, jokalariak agintailua xuabe, kariño handiz ukitu behar izatea, etsaia albondiga odoldu bat bihurtu nahi badu. Zenbat eta urduriago mugitu eskuak agintailuan, orduan eta dorpeago mugituko da pantailan zure killer hori.
Ni betiko jokoetara oso ohituta nago, eta ez dakit… ez dut imajinatu nahi instalazio honetan parte hartzeak sortu behar duen ezinegona. Iruditzen zait bideojoko biolentoek beraien funtzio soziala betetzen dutela: inork benetan egingo ez lituzkeen indarkeria ekintzak modu birtualean eta inpunitate osoz egiteko aukera eskaintzen dute, eta tresna erabilgarria dira bortxaren libidoa asetzeko. Horregatik iruditzen zait, deserosoa behar duela: ekintza libido-isurtzaile baten erdian gailu erreprimitzaile bat sartzen du instalazioak, jokalariak behartuz formak gordetzera.
Emaitza ironikoa da, barre egiten du 1. Munduan indarkeriaz egiten diren diskurtsoez: laztan bat bezalako ekintza sotilaren atzean gorde daitekeen izugarrikeria erakusten du. Ez da gutxi, batere birtualak ez diren tele-gerren garai honetan manera garbiko hiltzaileak hain libre dabiltzala ikusita.
[ARGIAren 2186. zenbakian argitaratua]
Bideoa: jokalariak instalazioan, laztanez elkar hil nahian

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA