Hauek omen dira 45 blog diseinu onenak

Gorka Bereziartua
0

Julio Salinasek gol bat sartzen duen bezala aurkitu nuen nik Smashing Magazine: bueltaka, bueltaka eta azkenean zast! Web diseinuari buruz jakin behar den guztia eskaintzen dute, baina zelai horretara bakarka salto egiten ahal duzunez, joan den astean jarri zuten sailkapen interesgarri baten berri ematera gatoz gaur. 45 blog diseinu bikainenak zerrendatu dituzte, tartean Bilbon “inprimatzen” duten Papel Continuo gaztelaniazko blog interesgarria.
Seguruena horrelako sailkapenek ez dute ezertarako balio, eta munduko webgunerik txarrena egiteko asmoa dutenen artean lehia handia egongo da hemendik aurrera ere. Baina hautatutako blog batzuek ere zalantzak sortu dizkidate. Non dago, egon ere, diseinuaren muga? Zein motatako diseinuek merezi dute saria?
Kolore gehiegikeria da arazoa batzuetan; besteetan heavy-glam itxura kitsch samarra; sinplekeria ere badago (hau da: zergatik hautatu dute blog hori, antzeko beste milaka daudenean?). Noski, ideia jenialak ere aurkituko dituzu, Google Mapsen integratutako weblog hau adibidez.
Itxura ona duten atariak erakargarriak dira, dudarik gabe. Baina (ez dakit deformazio profesionalagatik izango den) interesgarriagoak iruditzen zaizkit edukien araberako sailkapenak. Aurreneko momentuko inpaktua gaindituta, testu onik ezean, arreta deituko dizuten bideoen faltan edo argazki onek amua botatzen ez badizute, berehala utziko diozu web eder eta koloretsu horiek bisitatzeari. Beste batzuetara berriz, gaur, bihar eta etzi sartuko zara faltatu gabe. Diseinatzaile on batek ez dituela testugile txarraren gaitzak sendatuko, alegia. Eta azken finean, horrek inporta du gehien oraindik. Zerbaitengatik ez zuen Richard Stallmanek lan gehiago hartuko bere webgunea diseinatzen ezta?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA