Argazkia: Palestinako umea. Testua: Arantxa Erasun, Euskal Memoria elkarteko kidea
Duintasuna dario zure irribarreari, Aisha. Aitonak eta amak kontatu izan dizute maiz zure herriaren historia, harresiaren zergatia, inposaketaren sustraia. Zure anaia zena itsukeria horrek eraman zuela badakizu, baina bereziki bere jarrera duzu gogoan. Egoera horri aurre egiten zion, ez zuen onartzen, horixe arnastu duzue beti etxean. Etxe deitu badakioke. Eta duintasuna izan da belaunaldiz belaunaldi jaso duzuena, suntsitu nahi zaituenaren aurrean izatea erabakitzeak bere
baitan duen duintasuna.
Itxaropena dario zure irribarreari, Aisha. Izatea, ez desagertzea, erabaki dugun herriok baitugu bizirauteko itxaropena, inposaketa-egoera iraultzeko ahalmena. Munduan egoteko zure modua palestinarra izatea baita. Eta hala zaren eta zareten bitartean Palestina biziko baita, borrokaren bizian.
Elkartasuna dario zure irribarreari, Aisha. Oparia ekarri dizuten euskal brigadisten begiradan bertan ikusten duzulako zuk ere itxaropen hori. Sentitu baituzu herri zapalduok borroka bera bizi dugula. Entzun baituzu euskaldunok ere Israeli ateak itxi nahi dizkiogula, zuei arnas eskaintzeko. Libreago bazarete libreago garelako. Libreago bagara libreago zaretelako. Eskutik helduta irekiko ditugu, irekitzen ari gara, onartuko gaituen munduaren ateak. Herrien arteko samurtasuna dario zure bisaiari, Aisha.