Argazkia: Irantzu Pastor (Hebron. Kolono judutarrek itxiarazitako denda palestinarren aurrean.) Testua: Mikel Ayestaran, kazetaria
Israel eta Palestinaren arteko gatazka aro berrian gaizkien kontatu den gatazka da, estatu judutarra sortu zenetik komunikabideek jaso duten porrotik handiena. Informazio ugari eman arren, kazetariok ez gara errealitatea transmititzeko gai izan. Testuak, argazkiak edo irudiak ez dira nahikoa izan egia azaltzeko. Horregatik, ezinbestekoa da bertara bidaiatzea gure begiz ikusteko eta ulertzeko zer gertatzen den. Lur santua zapaldu ostean, berehala jipoitzen zaitu errealitateak muturrean. Biktimen eta borreroen aurpegiak garbi azaltzen dira.
Zisjordaniako bihotzean dago Hebron hiria, eta gatazkaren arazoak batzen ditu bere kaleetan. Alde zaharrean bizi diren 600 judutar ultraortodoxoek 150.000 palestinarren eguneroko bizimodua eutsiezina egiten dute. Segurtasunaren izenean Tel Aviveko armadak kaleak eta bazarrak hustu ditu. Kristauentzat, judutarrentzat eta musulmanentzat sakratua den Patriarken Hilobitik, Abrahamek lotsatuta jarraituko du bere ehortz-lekutik kanpo gertatzen dena. Gorrotoz eta buruberokeriaz osatutako bizimoduak munduko hiri zaharrenetariko baten xarma pozoitzen du.