Argazkia: Axier Lopez (Hebron) Testua: Miren Artetxe, bertsolaria.
Izan ninteke Said. Edo Mohamed. Mundua Hebrongo kaleetan hasi eta bukatzen zaion gaztea. Soldadu horri begira nago, beharbada, aurrean duen pintada ulertzeko gai ote den nire buruari galdezka. Edo marrazki bat iruditzen ote zaion. Beharbada, ezagutzen dudalako nago berari begira. Gauez, etsaien teilatuetako zaintza postuetatik gure etxeko ur deposituetara tiroka aritzen den askotariko bat izan daitekeelako. Beharbada. Memorian dago dena.
Ahaztearen eta gogoratzearen arteko orekan, ez ahaztearen eta gogoratu nahi ezaren desorekan. Fede itsua azaldu arren, zutaz errukitu ez, eta musutruk salduko zintuzkeena. Sorgina da memoria.
Izan ninteke David. Edo Aaron. Hebrongo kaleetan munduari bizkar eman ohi dion israeldar soldadu profesionala, judu estatubatuarra izatez, irlandar jatorrikoa akaso, Hebrongo kolono berria. Bikotekidea lagun, H2ko urbanizazio dotorean pisu ederra eskuratu berri duena. Demagun egongela ze kolorez pintatu erabakitzen ari naizela. Egongela urdinez, egongela horiz, egongela grisez. Zergatik ez laranjaz? Kolore argiak nahi ditut nire bizi berriko paretetan. Beharbada marrazki bat izango da.
Begiradan dago dena. Zeri arreta jarri erabakitzen duzunean erabakitzen duzu zer ez ikusi, zer ez entzun, zer ez sentitu. Zure eskura dauden milaka estimuluren artean zati ñimiño bati erreparatzen diozunean, gainerakoa ezabatzen duzu.
Izan ninteke George. Edo Ainhoa. Hebronek mundua ulertzea galerazten dion kameralaria. Demagun begiraden su gurutzatutik bizirik irten naizela. Ez naute ukitu ere egin. Niretzako antzezlan bat egiten ari diren figuranteen lanak txunditu duen ikusle, lekuko isila naiz, beharbada. Tel Aviv – Frankfurt- Bilbo. Etxera bueltan hartu dut kolpea. Hau ez da nik atera nahi nuen argazkia.
Galderan dago dena, erantzuna ezik. Zergatik ez naiz Said? Edo Aaron? Edo Ainhoa?
Izan ninteke zu. Edo ni. Zergatia galdetu gabe argazkiari begira orduak daramatzana.