Argazkia: Axier Lopez (Nazioarteko ekintzaile bat Hebrongo kolonia judutarren aurkako manifestaldi batean) Testua: Irune Berro, Berria egunkariko kazetaria
Elkarrizketa (simulakroa) Europaren izenean erabaki geopolitiko eta sozioekonomikoak hartzen dituzten agintariei, Palestina estatu independente eta NBEko kide oso gisa onartzeko (edo baztertzeko) bozketaren atarian.
-Zer dela eta geldiarazi duzue Askatasunaren II. Flotillako Gernika ontzia Kretako portuan? Baina nazioarteko uretan nabigatzeko baimen guztiak dauzka, ezta? Hortaz?… -Eta ontziekin batera, nolatan geldiarazi dituzue Europako hainbat aireportutan Zisjordaniara zihoazen giza eskubideen ehunka ekintzaile, eta hegazkinak hartzea galarazi?
-Europak ez al du onartzen Gazara, alegia, Israelek blokeatutako lurralde hartara laguntza humanitarioa eramatea?
-Bake prozesuko elkarrizketak antzuak gertatu dira, eta biderik emankorrena NBEren barruan Palestinako estatua onartzea dela dirudi orain. Afrika, Asia eta Hego Amerikako 120tik gora herrialde bat datoz PANen eskaerarekin. Europak lagunduko al du Palestina bakebidean?
-AEBek beto eskubidea erabiliz gero, Europako herrialdeek tarte handirik ez duzuela diozue, auzi horretan erantzukizunik ez bazenute bezala, Israel eta gehienez ere AEBen artekoa balitz bezala. Baina orduan, zergatik geldiarazi dituzue hainbat ekintzaile Europako portu eta aireportuetan? Zein interespean?