Argazkia: Axier Lopez (Sheik Jarrah auzoa. Jerusalem.) Testua: Iñaki Antiguedad, mugimendu ekologistako kidea eta EHUko irakaslea
Palestinaz nagoela gogoan dauzkat orain hogeita hamar bat urte Camp Davisen izan ziren negoziazio-saioak, Palestinaren eta Israelen artekoak. Orduko hartan nolabaiteko akordio batera heldu bazen ere, gerokoak ezin argiago erakutsi du txarto abiatzen dena ezin dela ondo amaitu. Palestinar herriaren egunerokoa da horren seinale, amorraziozko seinale izan ere. Camp Daviseko garaian zabaldu ziren albisteetatik bat behintzat oso barneratuta geratu zitzaidan, israeldar buru handi batek orduan esana: autonomia Palestinako biztanleentzat izango da, inoiz ere ez Palestinako lurrarentzat. Zelan sentitu daitezke biztanleak aske beren inguruan den lurretik aparte?. Jakina, esan hark ezkutatzen zuena ez zen lurraren azala, harritsua eta idorra gehienetan, lurrak azpian gordetzen zuena baino: Ura. Burujabetzaz parean diren herrien arteko auzolanerako giltza izan baliteke ere, Estatu zanpatzaileen eta Estatu ez diren herrien arteko borroka desorekaturako bidea jartzen dute sarritan Ura. Zisjordania, azalean idor, lurpean da uretan aberats. Akuiferoek ez dute muga politikorik ezagutzen, are gutxiago muga inposaturik onartzen. Israelen gerraorria beti egon da Ur-iturriek baldintzatuta, Jordango Golandik Zisjordaniara. Baina benetako bakea gauzatuko bada, palestinarrak aske sentituko dira euren lurretan, azalean eta sakonean. Orduan izango da Ura auzolanerako giltza.