Testua eta argazkia: Axier Lopez, ARGIAko kazetaria eta Biladi Hadi brigadako kidea. (Al Aingo -Nablus- errefuxiatu palestinarra. Israelgo armadak bi seme hil, beste bat kartzelaratu eta etxea suntsitu dio)
Han
non denok ez dugun historia modu berean kontatzen
non malkoetan ez den inoren begirada islatzen
non txakur guztiak lau hanketakoak diren
non bestearen askatasunari ez diogun beldurrik
Han
non amestea eta utopia ez diren sinonimoak
non non gauden badakigun
non mundura palestinar sortzean ez ginen ekibokatu
non euskara ez den gure lurralde libre bakarra
non denborak, bakoitza, bere lekuan ipini duen
Han
non poetak ez diren preso
non hitzek esanahia berreskuratu duten
non ateak, irekitzeko asmatuak diren
non harresiak margotzeko baino ez diren
non bestaldera joatea ez den ihes egitea.
Han
non maitasuna den kolpatzen gaituen bakarra
non kaleetan dantza egiten den
non amodioa denon arazoa den
non azkenik bera nigana hurbildu zaidan.
Han
non politikan hitz politikan entzuten den
non izan zirelako gara eta garelako diren
non kartzela eta duintasuna ez diren esaldi berean idazten
non aberria irriƱo baten barruan kabitzen den
Han
non olibondoek zerua non den seinalatzen diguten
non baserri eraitsia altxatu eta banketxeek dirua banatu duten
non izarrak ikusteko ez garen mendira joaten
non lurra irudikatzeko ez den matematikarik behar
Han
non politika poetika bilakatu eta fusilak makulu bihurtu diren
non libre izateko albokoaren askatasuna behar den
non giltzak ez dauden hormetan zintzilik
non Picassok ez duen Gernika margotzeko arrazoirik topatu.
Han
bertsio ofizialik sinesten ez duen herrian
Han
izenik ez duen herrian
Han
non han zaudetenak gu zareten
Han zuek
Han gu