Zenbait komunikabidek iragarritakoaren kontrara, ekainaren 10ean Gure Esku Dago ekimenak ez du giza-kate berri bat antolatuko. “2014an egin genuen eta gauza bera errepikatzea litzateke”, azaldu du Baratze Nikanor bozeramaileak. “Ideia askoz originalagoa izan dugu: soka-salto erraldoia egingo dugu, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituena, erabakitzeko eskubidearen alde egin nahi dugun jauzia irudikatuz”. Dagoeneko kontaktuan jarri dira hornitzaileekin hain soka luzea lortu ahal izateko. “Behin ekimena bukatuta, Gure Esku Dago finantzatzeko baliatuko dugu, bere  burua urkatu nahi duen jendeari metroka salduta”, Nikanorren esanetan.