Bizkaiko Txorierri eskualdean gertatu da ustezko delitua. Naturaz gozatzen ari ziren dozenaka lekukok entzun dute zozoak beleari ozenki eta maltzurkeria apur batez esandako iraina, irakurleen sentiberatasuna ez mintzeko hemen errepikatuko ez duguna.

Gertatutakoarekin oso minduta agertu da ZOZ Arrazakeriako bozeramale Hegoi Txiogibel, eta kasua aztertuko duela iragarri du  hegazti kontuetarako fiskal nagusi Enara Hegaztiburuk. Zozoak argudiatu du dena txantxa gorria izan dela. “Ez zait iruditzen hainbesterako denik, baina bele mokofin hori edozergatik aztoratzen da. Handiegia duela egoa, azken beltzean. Ui, barka…”. Beste txori batzuen iritzia jakin nahi izan dugu, baina mikrofonoa hurbiltzean txio-txioka hasi dira denak, disimulatzen.