Euskal Telebistaren udaberriko apustu indartsuena izango da Gu ta Gulagak reality berria. Programako partaideak Nafarroako Bardeetan kokatutako kontzentrazio- esparru batera eramango dituzte eta, behin hara iritsita, lan jasangaitzak egitera behartu. Ertzaintzaren laguntzaz, lehiakideak bortizki torturatuko dituzte egunero; eta haien animoa guztiz hondoratzeko Huntza taldearen Aldapan gora entzungo da 24 orduz Gulagean. “Gu ta Gutarrak saioko lehiakideen perfila ikusita, eboluzio naturala iruditu zaigu”, esplikatu dute ETBko arduradunek. Lehiaketaren irabazleak, hau da, bizirik ateratzea lortzen duen bakarrak, lanpostua ziurtatua izango du ETBn. “Ni apuntatuko naiz”, azaldu du Mendaroko gazte batek: “ETBn lana lortzeko askoz gauza umiliagarriagoak egiten dituzte beste batzuek”.