Donostiako epaitegi batek erabaki du 2013an erraustegia bertan behera uzteko erabakia bertan behera uztea, baina beste epai batek bertan behera utzi du 2016aren bukaeran erraustegi berria lizitatzeko Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak emandako baimena. Laburbilduz: dena bertan behera dago uneotan. Dena? Ez. Gipuzkoako Ingurumen sailak prest dauka soluzio definitiboa eta Beranduegiri filtratu dio esklusiban: “Orain arte erraustegiarekin tematu gara, irtenbidea Euskal Herrian bertan edukita, eta azpiegituren premiarik gabe”, esplikatu du Joxe Inazio Ascenso diputatuak. “Sopelan kontainerrak erretzeagatik atxilotu duten gizonarekin harremanetan jarri gara. Horrelako grina duen norbait lehenago agertu izan balitz, gipuzkoarrok hondakinekin dugun problema aspaldi konpondua zegoen”. Sopelako piromanoa urtarrilean bertan hasiko litzateke Gipuzkoan lanean Aldundiaren arabera. Erakunde foralak eskatu du ez diezaiotela “piromano” deitu, “balorizazio energetiko berdearen alorreko ingurumen teknikari espezialista” baizik.