Euskal Herriko Karteristen Sindikatuak ohar gogorra bidali du hedabideetara joan den astean Donostian ospatu zen Kutxa Kultur festibalaren harira. Karteristek iragarri dutenez, auzitara eramango dute jaialdia, Kale Lapurretaren Konbenio Kolektiboa urratu duelakoan: “Gure sindikatuko zenbait langilek esku hutsik itzuli behar izan zuten Igeldotik, euren eskuetan suertatu ziren diru-zorro guztiak erosi berritan bezain hutsik zeudelako”, irakur daiteke agirian. Salatu dutenez, “garagardoaren ziria” egin zuen festibalak, edaria ordaintzen ari zirelakoan musika zaleek gainean zeuzkaten sos guztiak ebatsiz. “Etika profesionalaren kontrakoa da iruzur hori, Euskal Herriko karteristok inoiz ez genuke hain trikimailu zabarra erabiliko. Konpetentzia desleiala iruditzen zaigu, guk beti egin izan baitiogu uko mota horretako atrakoak egiteari”, gaineratu dute.

Bestalde, Kutxabankek mailegu-lerro berri bat iragarri du hurrengo urtean Kutxa Kultur festibalera joan nahi dutenentzat: “Ulertzen dugu garagardoa garestia zela diotenen kritika, baina ulertu behar da ez dela gastu bat, inbertsio bat baizik: epe luzera amortizatuko dute erosleek edandako garagardoa”,  esplikatu du Kutxabankeko komunikazio arduradun Joseba Andoni Marmolaurpegik.