EHZ jaialdiko arduradunek eskari harrigarri askoa jaso dute: Gozategiren kontzertua besterik ez ikusteko sarrera. “Aizarnazabaletik iritsi zaigu eskutitza, Joseji Menezsan Chez Rodriguez delako batek izenpetua”, elekatu du Battitta Guçiocaintchina festibaleko eledunak. Prezio beragatik Willis Drummond edota Crystal Fightersen emanaldiez gozatu nahi ez ote duen galdetu diote Menezsan jaunari, baina hark, temati, ezetz esan du, eta gozatzeko nahikoa duela Gozategi. “Ez dakit hitz jokoa harrapatuko den”, gaineratu du harro-harro, eta konplizitate keinua egin du begi bat itxita.

Zer gerta ere, EHZko antolatzaileek jende arraroaz eta zuberotarrez arduratzen den segurtasun protokoloa abiaraziko dute. “Urtero izaten da halakoren bat; iaz lanak izan genituen Benitoren Herri-behera Jota kantatzera agertokira igo nahi izan zuen bilbotar bat geldiarazteko. Beharrik ondoko herriko hiru errugbilari baziren inguruan!”.

Bigarren ezustekoa Fermin Muguruzak eman du, eta ez nolanahikoa: festibalean argazkirik egin ez diezaiotela nahiago duela esan du irundar artista handiak. Haren hurkoek medikuari deitu diote berehala, kezkatuta zeharo.