Israelgo armadaren gerra krimenak agerian utzi dituen bideoa

Axier Lopez
0

Bideoa azken egunetan bonbardaketa bortitzak jaso dituen Gazako Shujaiya auzoan grabatuta dago. Ehunetik gertu dira hildakoak hiriko zonalde horretan. Israelgo armadako frankotiratzaileek senideen bila ari den palestinar bat nola akabatzen duten erakusten du. Nazioarteko behatzaileen aurrean eta su-etena indarrean zen orduetan. Gerra krimena.
Nazioarteko Elkartasun Mugimendua ISM taldeak igandean grabatu eta sareratutako irudiak dira. Hauxe da talde internazionalistak bideoaz zabaldu duen komunikatuaren laburpena:

Israelgo militarrek Gazan familiaren bila ari zen gizon bat tiroz hil dute, iragarritako su-etena indarrean zela. Udaleko zenbait langilez eta giza eskubideen aldeko nazioarteko ekintzailez lagunduta, zaurituak bilatzen ari ziren Shujaiya auzoan.
“Gure aurrean hil dute. Tirokatu dute. Lurrean zela ere tirokatzen jarraitu dute hil arte. Ez zuen inongo aukerarik alde egiteko. Harengana heltzea galarazi digute armada israeldarraren tiroek.” ISMko kide Joe Catron estatubatuarraren hitzak dira. “Shujaiya kez betetako zabor-gunea da. Bonbardatutako bi anbulantzia atzean utzi berri ditugu”.
Zaurituak eta hildakoak zonaldetik ateratzeko baliatuko zen su-etena indarrean zegoen. Gaur (igandea) auzo honetan gutxienez 60 lagun hil dituzte.
“Zaurituak zonalde arriskutsutik ateratzeko aukera izango genuela esan zuten, baina anbulantziak bonbardatu dituzte” adierazi du Khalil Abu Foul medikuak.

Sare sozialetan #warcrimesinGaza mundu mailako trending topic bilakatu da bideo hau sareratu bezain pronto. Izan ere, begiratu azkar bat ematea besterik ez dago bideoaren ankerkeriak piztu dituen saminaz eta suminaz jabetzeko. 100.000 lagun baino gehiagok etxea utzi behar izan dute Gazan. 3.355 palestinar zaurituta daude gainezka diren ospitaletan. Eta 565 palestinarri bizitza kendu diote. Gehienak zibilak, bideo honetan azaltzen den gizonaren modukoak. Aseezina dirudien sionismoaren lur eta odol gosearekin amaitzeko lagungarria izan dadila ikus-entzunezkoen indarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA