Fraga eta Hassan Nasrallah berdinak dira, Israelen begietara

Axier Lopez
0
Giltza da Palestinako errefuxiatuen ikurra, etxera itzultzeko eskubidea eta nahia irudikatzen duena.

Mundu osoko palestinarrak eta internazionalistak Nakba oroitzen ari garen egun berean zabaldu da notizia: Israelgo Estatuak, Espainian duen enbaxadore Alon Barren bitartez, “Israelek munduan dituen etsai oker eta muturrekoenen” zerrendan sartu du Galizia. Hau da, gaurdanik Iran eta Hizbullah dauden zerrenda berean topatuko ditugu lagun galiziarrak. Baina zer egin dute, bada, Israel hainbeste aztoratzeko? Nazio Batuen giza eskubideen karta errespetatzeko eskatzea Israeli.
Aurtengo Nakba egunaren harira, palestinarren egungo egoera salatu eta elkartasuna adierazteko asmoz, Galiziako Parlamentuak testua onartu zuen pasa den astean aho batez. Ondorengoa eskatu diote nazioarteko komunitateari:
– Israelek Nazio Batuen ebazpenak betetzea.
– Palestinarren eskubideen erabateko onarpena.
– Palestinaren eskubide kolektiboak aintzat hartzea.
– 1948tik hona Palestinatik kanporatuak izan ziren palestinarrei haien lur eta etxeetara itzultzeko eskubidea onartzea.

Alon Barren eskutitza Galiziako Parlamentuko presidenteari

Bistan denez, puntu hauek atzean Giza Eskubideen Nazioarteko Ituna Palestinan aplikatzea baino ez dago. Halere, Galiziako PPk(41 diputatu), sozialistek(18), AGEk(8) eta BNGk(7) sinatutakoa Israelgo enbaxadan gibel azpiko ukabilkada baten moduan jaso dute. Ohikoa duten gisan, edukiez eztabaidatu beharrean, arratoiak beldurturiko elefantearen erantzuna igorri diote Parlamentuko presidente Pilar Rojori: “Eskakizun hauek eginda, Galiziako Parlamentua Israelek munduan dituen etsairik gaizto eta muturrekoenekin bat egiten du. Izan ere, Israelgo Estatuaren desagerpena eskatzen ari baita”.  Ez dira eskutitzean agertzen diren mehatxu bakarrak: “Ebazpen hau dela eta, palestinar eta israeldarren arteko etorkizuneko akordioen inguruan Europar Batasunak duen adostasunetik at geratuko litzateke Galiziako Parlamentua; baita Espainiako Gobernuak aurretik defendatutako jarreretatik urrun ere”.
Palestinako gatazka gainetik jarraitzen duen edozeinek dakienez, Israelek aspaldi utzi zion palestinarren eskubideekiko eztabaidan parte hartzeari. Palestinan armen indarrez erabiltzen duen estrategia berdina darabil nazioarteko komunitateari begira ere Israel: harrokeria eta mehatxua. Alon Barren eskutitzean argi eta garbi atzematen da gurean oso ezaguna egin den teoria: “gurekin zaude ala terroristekin, erdibiderik ez da”. Hau da, Zisjordania zatitzen duen harresia edo palestinarren etxeen suntsiketa salatzea = palestinar terroristen eskakizunekin bat egitea da = antisemitismoa = Hamas, Hizbullah, Iran… Beraz, bizirik balego, Fraga eta Hassan Nasrallah, zerrenda berean leudeke egun.
Neuronek baino testosteronak gidaturiko estrategia komunikatibo hori, oso apurka bada ere, pitzatzen ari zaio Israeli. BDS, Nazioarteko Boikot Kanpaina da horren eragile nagusia. Palestinako 173 erakundek bultzatutako nazioarteko kanpainak, nazioarteko legedia betetzea eta giza eskubideen aitorpenarekin batera, palestinarren okupazioa, kolonizazioa eta harresia iragan bilakatu nahi ditu.  Hegoafrikako apartheid-ekin bezala, nazioarteko konplizitatea eta laguntza ekonomikoa ezinbesteko duen Estatu sionista isolatzea da xedea.
Azken hilabeteetan kanpaina honek izandako bizkortzea eta, horrekin batera, lortutako garaipenek Israelen estrategia komunikatiboa gogortzea ekarri du. Otsailean Israelgo Lehen Ministro Benjamin Netanyahuk boikotaren alde daudenak “betiko antisemitak zabor modernoz jantzita” direla esan zuen hitzaldi batean. Oldartze prozesu horretan kokatu behar dugu Galizian gertatutakoa, baita Palestinan bakea eta justiziaren alde gaudenon lorpenen artean ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA