Dena jarrera kontua da

Axier Lopez
0

“Dena itxura, dena gezurra da. Ederra bezain faltsua” oihukatzen dute Leihotikan taldekoek. Willis Drummondeko lagunek ideia berean sakondu dute “heroiak mamuak dira, ez baduzu sinesten, ez dira existitzen… esan nun dauden!” abestuz. Gaur egun munduari begiratzeko eta, berau interpretatzeko ezinbestekoak dira irudiak. Hurkoarekin harremantzeko moduak aldatzeko ere gai dira. Janzten duguna edota gerri bueltaren tamainaren arabera, aurreiritziak bizi gaitu. Eta itxura faltsuen liga honetan emakumezkoen taldeak kanpoko zelaian jokatzen du beti, bi jokalari gutxiagorekin eta arerioak arbitroa erosita. Izan ere, emakumeek txikitatik jasaten duten itxurarekiko kezka, beti polit, beti eder egon beharraren presioa demasekoa delako gaur egun.

Gure gorputzen gaineko presio sozialari irri batekin izkin egiteko proposamena luzatu digu Gracie Hagen argazkilariaren Ilusions of the Body proiektuak. Itxura eta tankera anitzeko emakumeak, gehien bat, kameraren objektiboaren aurrean jarri zituen biluzik. Enkuadrea eta ingurua aldatu gabe, bi argazki egin zizkien. Ezkerrean argazki sesioetan ohikoak diren poseak erabiliz eta eskuinean guztiz bestelako jarrera batean. Gorputzak irudikatu behar duenari, zein begiratzeko dauzkagun arauei buruz hausnartzeko iradoki duen kontrastea, hain zuzen.
Publizitatearen menpeko komunikabideek, gehiengoak, “jendearen alderdirik ederrena azaleratu ohi dute eta gu irudi haiekin konparatzen gara”, dio Hagenek proiektuaren aurkezpenean. Urriak baitira poserik edo photoshopik gabeko irudiak komunikabide masiboetan. Beti zuzen, makillaje egokiaz apaindua eta Profident irribarreaz. Argazkilariak webgunean dioen gisan “serie honekin gorpuzkera, etnia eta genero anitzak erakutsi nahi izan ditut, ‘itxura normala’ existitzen ez dela azalarazteko. Tamaina eta forma anitzekoak garela oroitarazteko baizik.” Hau da, eta musikara bueltatuz, Koma taldeko lagunek berdina esan ziguten zuzenago, naparrago nahi bada: “Teleberriko aurkezlea, Rocioko Birgina, multinazionaleko zuzendariak, irratiko izar diruduna… imajinatu itzazu kakainean”
Egilearen proiektu, argazki eta bideo gehiago argazkilariaren webgunean, flicker eta vimeo kontuetan dituzue.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA